Aurrekari historikoak

Oro har onartutzat jotzen da egungo izena, "itsas portuko pilotu"arena, alegia, garai batean "itsas portuko pilotu praktiko"a zela. Badirudi, hasiera batean lanbide honetan aritzen zirenei praktika bat eskatzen zitzaiela, beraiek jardun behar zuten lekuan eskarmentu bat izatea, alegia. Gure inguruko ia hizkuntza gehienetan lanbide hau izendatzeko erabiltzen duten hitza Herbehereko "peilen" (neurtu) eta "loot" (zundaburu) hitzetatik eratorria dela. Orduko garai haietan portuetatik gertuko nabigazioa eskuko zunda batekin hondoa eta morfologia neurtuz egiten zen, eta hortik, nonbait, hitzaren osaera. Alabaina, gaur egun ia herrialde guztietan pilotu hitza erabiltzen da, jakina, nork bere hizkuntzara egokituta.

Historialari batzuen ustez erromatarren itsas bidaien hainbat kontakizunetan eskifaiako kide batzuek itsas portuko pilotuen eginkizunak egiten agertzen dira. Baina, Behe Erdi Aroan agertzen da lehenbizikoz itsas bidea agintzeaz arduratzen zen "leman"aren figura. 1282an Bartzelonako Libre del Consolat de mar liburuan, 249. kapituluan, zera adierazten da: “Patroi batek zamaontzi bat egokitzen duenean edo horietako batean enbarkatzen denean, eta ez berak ez berarekin doan inork ez dakielako segurtasunez ontzia eramaten ez nora eraman behar den, ontzia eramaten dakien piloturen bat alokatu behar duenean, eta horrek esaten dionean patroiari berak badakiela ontzia segurtasunez nola eta nora eraman..." .

XIX. mendetik aurrera, ugariak dira "lentsman", "locmad", "leman" edo kostako pilotuei buruzko aipamenak. Bilboko Kontsulatuak (1511-1830) bere Ordenanza de Lemanajes ordenantzan portuko pilotuen eginkizunak arautzen ditu: "pilotuaren edo 'leman'aren eginkizuna da ontziak eta zamaontziak portuan sartu eta ateratzea". Ordenantza horrek, halaber, lanbide honetarako azterketa batzuk gainditu beharra ezartzen zuen, baita ordainsariak arautzen eta gorputz zigorrak ezartzen, pilotuek "delitu larriak" egiten zituztenerako. Sanlucar-eko Las ordenanzas de la gente de mar en Sanlucar (1590) ordenantzan ere orduko pilotuen jarduerak arautzen ziren.

Baina aipagarrienak Bilboko Kontsulatuak 1737an eman zituen ordenantza orokorrak dira. Ordenantza horiek Frantziako itsas ordenantzak (1681) zituzten eredu, eta 24. kapituluan derrigorrezkotzat jotzen dute portuko pilotuen parte hartu beharra; 26. kapituluan (hogeita hemezortzi atal ditu guztira), ordea, portuko pilotuek "leman"ek, edo kostako pilotuek egin behar dutena zehazten da gutxi gorabehera honela: "pilotuek, prior eta kontsul titulua dutelarik, itsasontziak portu barrura sartuko dituzte, bakoitza bere ohiko lekura eramanez, eta gero kaitik kanpora eta itsasoan at eramango dituzte, eta eginkizun horren trukean aldez aurretik ezarritako soldata eta ordainsariak jasoko dituzte".

Atoiontzi batAtoiontzi bat Pasaiako portuan sartzen ari den ontzi baten aurrean.

Aipameneko ordenantzan zehazten denez, “azterketan onartua izateko, portuko pilotu edo "leman" titulua nahi duenak gutxienez hogeita lau urte beteak izan behar ditu, eta azterketaren xedeko portuko kostatik kanpo edo itsas zabalean lau urtez aritua izan behar du. Azterketan, besteak beste, ontzietan egin ohi diren maniobrei buruzko galderei erantzungo die. Kosta inguruan dauden ibilgu, marea, hondarpe, uharri, korronte, punta eta irtenguneei buruzkoei, edota ibaiadar, portu eta nasetarako sarrera eta irteeran izan daitezkeen enbarazuei buruzko galderei ere erantzun beharko die".

Ordenantza horietan, berebat, portuko pilotuen betebeharrak eta eskubideak ere zehazten ziren. Baita bere jardueraren ondorioz sor litezkeen kalteen erantzukizunak ere. Ordenantzetako XI. atalean honako zehaztapenak ematen dira: "itsas portuko pilotu batek ezjakintasunagatik, maleziagatik, mozkorraldiagatik edota beste edozein arrazoirengatik ontzia hondoa jota utziko balu edo hondoratuko balu, bere ondasunekin ordaindu beharko ditu eragindako kalteak, eta gainera ofiziotik kanporatu eta zorroztasunik handienaz zigortua izango da".

Portuko pilotuen txalupetako eskifaia zazpi arraunlariz osatzen zen: sei marinel eta txo bat. Itsaso zabalean jartzen ziren, kontsulatuak agindutako lekuan, ontzien zain. Horietako bat hurbiltzen ikusten zutenean estropadan hasten ziren ia nor lehenago iritsiko, lehena iristen zenak hartzen zituelako ontzia porturatzeko lana eta horri zegozkion ordainsariak.

Jada aipatu dugun Sanlucar-eko Ordenanzas de la gente de mar liburuko (1590) "Pilotajes" kapituluko lehen artikuluan honela arautzen da: “Que cualquiera Nao que fure tocada en la Mar por cualquier Piloto de esta ciudad, con su barco, que otro piloto no la pueda meter en el Puerto de esta ciudad, ni sacarla de él, so pena de que por el mismo hecho haya perdido el Pilotaje que en ello ganare, y sea para el Piloto que primero la tocó, y demás pague quinientos maravedíes, y esté diez días preso en la cárcel; todo lo cual proceda y haya lugar cuando el Piloto que la tocó estuviere en esa ciudad, y acudiere a meter la dicha Nao por la Barra, al tiempo que la dicha Nao demandare Piloto”.

Beste horrenbeste gertatzen zen beste portu batzuetan ere. Hala, estropada haiek gogoratuz, Anberesen urtero egiten dira "pilotuen estropadak".

Donostiako "Ilustre Universidad, Casa de Contratación y Consulado"aren ordenantzetan (1766) ere portuko eta kostako pilotuen baimen eta jarduerak arautzen dira xehetasun osoz.

Baina XIX. mendearen lehen urteetan kontsulatuaren ahalmenak mugatzen hasi ziren erabat indargabetzeraino. Horrekin batera, "portuko kapitain"aren figura sortu zuten, eta azkenik, Merkataritza Kodea aplikatzen hasi ziren.

Gure itsas portuetako pilotuak legeri orokorrak agintzen duenari men eginez jardun dute. Gaur egun, profesional horietako hogeita hamarren bat lagun ari dira lanean egunaren hogeita lau ordutan eta urte osoan. Honela daude banatuta: 17 Bilbon, 2 Bermeon eta 5na Pasaia eta Baionako portuetan. Ofizialki pilotu bat dagokie Lekeitio eta Ondarruko portuei eta beste bat Zumaiakoari, baina lanpostu horiek hutsik daude. Gogoratu beharrekoa da Bilboko ibaiadarrean bakarrik 80 pilotu zeudela eta beste 30 tokian tokikoak. Gaur egun, 200 pilotutik gora dira Espainiako berrogei baino gehiago diren portuetan ari direnak. Europa mailan, ordea, 4.700 portu pilotu ari dira guztira.

Portuko pilotuek gainera laguntzaile kopuru handi bat behar izaten dute: txalupetako patroiak eta mekanikoak, irratitelefonistak, eta kasu batzuetan, kontrol eta jarraipenerako arduradunak, baita administrazioko pertsonala ere; azken batean, enpresa osoak eratzen dituzte bere lanbidearen inguruan.

Sinan Alpogan"Sinan Alpogan" ontziaren zubitik 1987ko abuztuaren 26an hartutako argazkia. Pasaiako portuan sartzen ari den ontzi horrek 168 m-ko luzera zuen. (Foto Beloki).