Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Gazteria

Haurtxokoak eta gaztelekuak

 

Haur eta nerabeak bizitzarako trebatzen dituen aisialdiko zerbitzua dira haurtxokoak eta gaztelekuak, euren parte-hartzearekin eta profesional hezitzaileen bide-laguntzarekin eraikia, eta haur eta nerabe GUZTIENTZAT dena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udal haurtxoko eta gaztelekuek sarean egiten dugu lan.

Sare gisa, gure erronka nagusia da haurrak eta nerabeak gizartean ikusaraztea, dagokien tokia ematea, alegia. Izan ere, eskubidea dute beraien lekua, beraien jendea eta beraien mundua izateko.

Haurtxokoetan edo gaztelekuetan parte hartu, informazioa jaso edo izena emateko interesa dutenek herrian hurbilen kokaturik dagoen zerbitzura jo dezakete.

BILATU ZURE HERRIAN aukeran, zerbitzuei buruzko informazio zehatza eskuratu daiteke: helbidea, harremanetarako datuak, ordutegia, etab. Bilatu zure herriko haurtxokoa edo gaztelekua eta zatoz gurekin!

Zer egiten dugu haurtxoko eta gaztelekuetan?

 

Pertsonak dira “Gipuzkoako Haurtxokoak eta Gaztelekuak” sareko zerbitzuen ardatz.

Bideo honek ahotsa eman nahi izan die haurtxokoetako eta gaztelekuetako haur zein nerabeei, gurasoei, hezitzaileei eta udal-teknikariei, proiektua gertuagotik ezagutu dezagun.

 

Gipuzkoako Udal Haurtxokoak eta Gaztelekuak

 

Ezagutu Inspira Steam proiektua

Ezagutu gure balioak


Haurtxoko eta gaztelekuetako hainbat programa

 

Balio hezitzaileetan oinarritutako programa anitz lantzen dira.

Gure ekintza programa anitza eta zabala da, espazio erreferente baten bidez gauzatzen da eta lantalde profesional batek elikatzen du. Tailerrak, hitzaldiak, espazioak, irteerak, talde-jolasak, familientzako ekimenak, etab. antolatzen ditugu haur eta nerabeek euren denbora librean gozatzeko.


Ekintza programa hausnarketa-prozesu baten ondorioa da; haur eta nerabeen beharrak dira hausnarketa horren oinarria, hau da, beraiek dira protagonistak, eta euren garapen emozional eta soziala, berriz, helburua. Ekimen bakoitzak bilatzen du haiek bizitzarako ahalduntzea, besteak beste, honako giza balio hauek landuz: elkartasuna, elkarlana, autonomia, herritartasuna, errespetua, erantzukizuna, elkarbizitza, tolerantzia…

Gure balioak!

 

1. Eskubidea

Haurren eta nerabeen eskubidea delako haien beharrak eta nahiak asetzen dituzten espazioak eta ekintzak izatea, betiere osasun eta segurtasun neurriak hartuz.

2. Bizipenak

Haur eta nerabeen garapenerako eta bizitzarako hain beharrezkoak diren bizipen-esperientziak eta -aukerak murriztu direlako eta haurtxoko eta gaztelekuetan espazio horiek eskaintzen direlako.

3. Astialdia

Inoiz baino beharrezkoagoa den aisialdiaren kontzeptu aberatsa eskaintzen dutelako, gustukoak dituzten ekintzak modu seguruan egiteko aukera emanez.

4. Gai ugariren lanketa

Jolasaren bidez, berdinen arteko harremana sustatuz, dibertituz... ezin konta ahala gai jorratzen direlako: aniztasunaren balioa, genero-berdintasuna, sormena, adiskidetasuna, euskara, adimen emozionala, guztiak ezinbestekoak.

5. Autonomia

Bertan barneratzen dituztelako hezkuntza formalean zein eskolaz kanpoko beste jardueretan eskuratzen ez dituzten gaitasunak eta balioak, herritar aktibo eta autonomo izateko baliagarriak direnak.

6. Lagunartea

Elkarrekin bizitzen ikasten dutelako: beraien arteko errespetua, elkarri entzutea, taldean lan egitea....

7. Haur eta nerabeak erdigunean

Protagonistak haiek direlako eta beraientzako espazioa delako. Haur eta nerabeen zaintza erdigunean jartzen duten zerbitzuak direlako.

8. Komunitatea, kalea eta ingurune birtuala

Herriko beste eragileekin harremanetan daudelako, komunitatean txertatuta daudelako. Ekipamendutik harago esku-hartzeko gaitasuna dutelako, baita ingurune birtualean ere.

9. Profesionalak

Zerbitzu profesionalak eta seguruak direlako eta euskaraz gozatu daitezkeelako, haur eta nerabe batzuentzat aukera bakarretarikoa izanik.

10. Guztientzat

Jende berria eta anitza ezagutzeko aukera ematen dutelako, guztientzat irekita daudelako. Eta aspaldian ikusi ez dituzten lagunekin egoteko lekua ere badelako.