PSZ zerbitzuen xedea da, haurtxoko eta gaztelekuetan bezala, tokian tokiko haur, nerabe eta gazteei beren haurtzaroaz eta gaztetasunaz gozatzeko aukera egonkorra eta etengabea bermatzea.
Eskaintza mota honek baditu bere berezitasunak: haurrei, nerabeei eta gazteei astialdi hezigarria espazio berdinean eskaintzen zaie eta haien esku-hartze zuzena egiten duten profesionalek profil bikoitza dute, gazteriako udal-teknikariak eta hezitzaileak dira (suspertzaileak).
Zerbitzuak haurren, nerabeen eta gazteen parte-hartzea lantzeko asmoa du modu iraunkor eta jarraian: txikitatik hasi eta heldutasunera bitartean. Herritar aktiboak helburu izanik, herriarekiko loturak sortu, sendotu, astindu eta eragin nahi ditu. Egungo haur, nerabe eta gazteen eskubideak bermatuz, herri txikien bilakaeran parte-hartze aktiboa izango duten eragileen sorrera ahalbidetu nahi du.