Programan parte hartzeko baldintzak:

Formatua

  • Bi motatako jardunaldiak izango dira:
  1. Hitzaldiak. Sentsibilizazioa eta hausnarketa. Seme-alabekin egiteko moduari buruzko gako txikiak emango dira. Bertaratzen direnek galderak egiteko aukera izango dute. (1 edo 1,5 orduko saioak).

  2. Tailerrak. Gaitasunak lantzen. Oinarrizko ezagutza. Arazoak eman ditzaketen gaiei buruzko teoria eta praktika, trebakuntza. Hartzaileen parte-hartzea beharrezkoa izango da (guztira 4-6 ordu, 2 edo 3 saiotan).

  • Gai bakoitza bi formatuetan eskainiko da. Hau da, hitzaldian landutakoa tailerrean sakonago garatuko da; jarraipen bat izango da, baina bakoitza bere aldetik ere egin daiteke. Beraz, hitzaldi bat antolatu ondoren, herriko gurasoen artean gaia gehiago lantzeko interesa pizten bada, tailerra antolatzeko eskatu dezakete. Erantzuna, sor daitekeen eskariaren araberakoa izango da.

  • Gai bakoitzeko hitzaldia eta tailerra aditu berberak emango ditu.

  • Aurrez aurrekoak izatea lehenetsiko da.

Hizkuntza

  • Euskaraz edo gaztelaniaz egingo dira. Beraz, eskaerarekin batera, zein hizkuntzatan izatea nahi den adierazi beharko da.

Iraupena

  • Agenda ikasturtez ikasturte osatuko da; lehena, 2021-2022an.

Tokia

  • Hitzaldiak eta tailerrak dagokion udalak proposatzen duen lekuan egingo dira, hartzaile diren gurasoekin adostuta.

Prezioa

  • Parte-hartzaileentzat doakoak izango dira. Jardueraren kostua entitate antolatzaileek ordainduko dute (Foru Aldundiak, udalek, akordioaren arabera).

Eskaera-prozesua

  • Hezkuntza-jardueren katalogoa eta prestakuntza jasotzeko behin betiko baldintzak argitaratuta, Gipuzkoako udaletako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Zerbitzuek beren herrietan zabalduko dute eskaintza ,gurasoengana iristeko: haurtxoko eta gaztelekuetako gurasoak, guraso-elkarteak, ikastetxeak, sare sozialak, tokiko komunikabideak, etab. baliatu beharko dituzte programak ahalik eta zabalkunde gehien izan dezan eta gurasoen behar, interes edo eskaera zuzena jasotzeko. Bestalde, programari buruzko informazioa eta katalogoa www.gipuzkoangazte.eus webgunean ere argitaratuko dira; eta familiek aukera izango dute bertan beren eskaerak edo proposamenak egiteko. Bertan jasotzen direnak dagokion udalera bideratuko dira.
  • Behin aukeratuta, udalek Aldundiko Gazteria Zuzendaritzari eskatuko diote katalogoko zein jarduera nahi duten programatu. Hark eskaerak aztertu, eta udal bakoitzari jakinaraziko dio berea onartu edo baztertu den, baita arrazoiak ere.
  • Eskaerak baloratzeko orduan, kontuan hartuko dira zenbait irizpide, hala nola hezkuntza-jarduera ahalik eta udalerri gehienetara iristea, jardueraren antolaketan guraso-elkarte edo erakunderen bat egotea, edo xede duen populazio potentziala.
  • Nolanahi ere, aita edo ama orok izan behar du jardueretan parte hartzeko aukera, haren antolamenduan parte hartzen duen elkartekoa izan edo ez.

 

Epea 

  • Eskaerak aurkezteko epea irailaren 15etik urriaren 15era izango da, baloratu eta ikastaroak antolatu ahal izateko. Nolanahi ere, udaletako haur, nerabe eta sustapen-zerbitzuek ikasturtean zehar ere egin ahalko dituzte eskaerak.

Izen-emateak 

Hitzaldi edo tailer bakoitzerako izen-ematea dagokion udaleko haur eta gazteen sustapen-zerbitzuak jarriko du abian. Dena dela, prestakuntza-ekintzak burutzeko, gutxienez 10 pertsonak eman beharko dute izena.

 

Eskaera egiteko formularioa