Atzealdea Hondakinak aberastasun eta enplegu iturri Gipuzkoan

José Ignacio Asensio: “Ekonomia zirkularra klima aldaketari aurre egiteko eta enplegu berdea sortzeko aukera bat da; azken finean, trantsizioa posible egitean datza, geroz eta beharrezkoagoa eta premiazkoagoena dena”. Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea azaroaren 16tik 24ra bitartean ospatuko da eta bere helburua da erabili eta botatzeko produktuetan oinarritutako egungo ekonomia linealaren eredua eraldatu eta ekonomia zirkular batera jotzea. Ingurumeneko Departamentuak antolatutako ekimen nagusiak dira: birziklatutako lehengaiekin lan egiten duten enpresen erakusketa; ehun-gaien berrerabilpenerako eta birziklapenerako tailerrak; birziklatze eskulturen erakusketa; moda jasangarriaren desfilea; eta Irungo zein Andoaingo ikasleekin hondakinak biltzeko ekintzak ibaietan.

2019·11·15


Hondakinak aberastasun eta enplegu iturri Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, azaroaren 16tik 24ra bitarteko astean hausnartzera gonbidatzen gaitu. Hondakinak baliabide bilakatzeak eta prebentzio politiken sustapenak eta ekonomia zirkularrak Gipuzkoarentzat duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea ospatzeko prestatu duten programa aurkeztu du eta nabarmendu du ekonomia zirkularra giltza dela Gipuzkoaren etorkizunarentzat, “enpresak, ezagutza, gizarte ekimenak eta instituzioak koordinatzea ezinbestekoa da lurralde jasangarriagorantz aurrera egiteko”.

 

Programak honako ekintza hauek barne hartzen ditu: hondakinak lehengai gisa erabiltzen dituzten enpresa batzuk erakutsiko dute hondakin horiekin zer material eta produktu fabrika daitezkeen; Irungo zein Andoaingo ikasleekin hondakinak biltzeko ekintzak ibaietan; ehun-gaien berrerabilpenerako eta birziklapenerako tailerrak; sukaldaritza iraunkorreko jardunaldia Basque Culinary Centerrean; “Azken minutua” programan egindako lanarengatik enpresei esker ona adierazteko ekintza;  ekonomia zirkularra sustatzeko eskulturen erakusketa; eta moda jasangarriaren desfilea Miramar jauregian.

 

Gipuzkoaren kasuan, Ingurumeneko Departamentuarentzat Prebentzioaren Astea da bere egintza nagusietako bat, gipuzkoarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko helburuarekin. Antolatutako ekintzen ardatza da hondakinen sorrera gutxitzea eta hondakinetan dauden lehengaiei probetxu ateratzea, ekonomia zirkularreko oinarriak betetzeko eta bigarren erabilera emateko. Helburua da herritarrei jakinaraztea ekonomia zirkularrerantz iragateak duen garrantzia, azpimarratzea aukera bat dela eta hondakinak gaika biltzearen esfortzua garrantzitsua dela helaraztea, izan ere, hondakina baliabide bilakatzean tokiko ekonomia eta enplegua sortzen da.

 

José Ignacio Asensiok azaldu du bere Departamentuaren helburua dela eliminazioan oinarritutako piramidetik prebentzioan oinarritutako piramidera igarotzea. “Ezinbestekoa da egungo erabili eta botatzeko produktuetan oinarritutako ekonomia linealaren eredua eraldatu eta ekonomia zirkular batera jotzea. Gipuzkoak eredu-aldaketa horri dagokion abantaila sozialak, ekonomikoak eta ingurumen arlokoak baliatu ahal izan ditzan”, adierazi du Asensiok.

 

“Prebentzioa eta ekonomia zirkularra aukera bat dira Gipuzkoarentzat eta klima aldaketari aurre egiteko aukera ere badira. Hondakinak lehengai berri gisa erabiltzea edo energetikoki probetxu ateratzea emisioak gutxitzeko modu eraginkorrena da eta ekonomia zein enplegu berdea sortzen dute Gipuzkoa jasangarriagoa bihurtuz”. Zentzu honetan, Asensiok adierazi du Gipuzkoak beharrezkoa den industria eta ezagutza duela sektoreari bultzada sendoa emateko, birziklatze industriaren zifrak bikoiztuz eta 10.000 enpleguak lortuz 2030a baino lehen.

 

Asensiok baieztatu du Astearen zeregina dela barneratuta dugun giza kontzientzia handitzen jarraitzea; hondakinen prebentzioan, berrerabilpenean eta birziklapenean oinarritutako gizartea eraikitzeko. Eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu.