Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak klima aldaketari aurre egiteko programa indartuko du 2 milioi euro bideratuz

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren aurrekontua %1,89 igo da 2018ko urtekoaren aldean. José Ignacio Asensio: “Hondakinen arazoa gainditu ondoren, klima aldaketa delako ingurumen alorrean Gipuzkoak duen erronka handiena”.

2018·11·08


Ingurumeneko Departamentuak klima aldaketari aurre egiteko programa indartuko du 2 milioi euro bideratuz

Departamentuaren aurrekontua %1,89 igo da. Izan ere, 24,51 milioitik 24,97 milioira pasa da. Ingurumeneko zuzendaritzan %2,06 igo da eta Obra Hidraulikoetako zuzendaritzan, berriz, %1,85. Ingurumenak 16,7 milioi izango ditu, hau da, Departamentuaren aurrekontuaren % 67a, eta Obra Hidraulikoak, berriz, 6,9 milioi, hau da, %28a.

 

Aurrekontu honekin Departamentuak 2015-2019 Kudeaketa Plangintzaren 5 helburu estrategikoak sendotu nahi ditu. Hau da, behin betiko konpontzea hondakinen kudeaketaren arazoa, iraunkortasun ekonomikoaren, sozialaren eta ingurumenekoaren irizpideen bitartez; ura hornitzeko sistemen bermeak indartzea eta hondakin-uren saneamendua osatzea; lankidetza organo baten sorrera birziklapenaren eta berrerabilpenaren inguruan; iraunkortasuna Gipuzkoaren nortasun-ezaugarri bihurtzea, eta helburu horretan lurraldeko herritar, erakunde, egitura ekonomiko eta sozial guztiak sartzea; eta Gipuzkoako hondartzak integralki kudeatzea.

 

Ingurumeneko Zuzendaritzak bost programa ditu: ingurumena, hondakinak eta hondartzak, iraunkortasuna, degradatutako esparruak, energia iraunkorra  eta klima aldaketa. José Ignacio Asensio, Ingurumeneko diputatuak, klima aldaketa 15. Programa nabarmendu nahi izan du zeini 2,08 euro bideratuko zaizkion: “Programa hau finkatu nahi dugu gure Departamentuaren oinarrizko ardatz bezala, izan ere, gure oraina eta etorkizuna da. Arazo global honi irtenbidea eman behar diogu gure lurraldean eragin berezia baitu, eta ikuspegi integralaren bitartez aurre egin behar diogu”, azpimarratu du foru arduradunak.

 

Erronka honi aurre egiteko, orain dela gutxi Gipuzkoak klima aldaketari aurre egiteko Fundazioa eratu berri du. Ingurumeneko Departamentuak 1,35 milioi euro bideratuko du entitate honentzat, bere eraikuntza eta lizitazioa barne hartuz. Entitate horrek hiru jarduketa-ardatz hauetara bideratuko du bere jarduera: behatoki bat sortzea, berotze globalak Lurraldeari zenbateraino erasaten dion neurtzeko eta aztertzeko; ekonomia zirkularra bultzatzea, birziklatzearen industria eta ekonomia berdea sustatuz; eta trantsizio energetikoa, energia berriztagarriak sustatuz. Asensiok inbertsioa justifikatu du “hondakinen arazoa gainditu ondoren, klima aldaketa delako ingurumen alorrean Gipuzkoak duen erronka handiena”. 

 

Ingurumeneko 10. programari dagokionez, nabarmentzekoa da Europako proiektuen kudeaketara bideratutako aurrekontu-sailaren hazkundea, aurten 274.963 euro bideratuko baitira. “Hondakinak eta hondartzak” 11. programako aurrekontu-sailak mantentzen dira: prebentzioa, elikagaien xahutzea, ikerketa epidemiologikoak, Hondakinen Kontsortzioa eta ekonomia zirkularraren sustapena GK Recycling eta GK Green Fashion klusterren bitartez.

 

 

“Jasangarritasuna” 12. programaren helburua da iraunkortasuna Gipuzkoaren nortasun-ezaugarri bihurtzea, eta helburu horretan lurraldeko herritar, erakunde, egitura ekonomiko eta sozial guztiak sartzea. Horretarako diru-laguntza emango zaio Tokiko Agendei eta garapen jasangarriaren helburuetarako.

 

“Energia jasangarria” 13. programari dagokionez, 98.000 euro bideratuko dira ikerketa eta proiektuei Gipuzkoako Trantsizio Ekologikoko estrategia jarraitu eta bukatzeko 2019. urtean. Gipuzkoa Argitu eraginkortasun energetikoko tailerrekin jarraituko da ere Gipuzkoako udalerrietatik zehar, herritarren kalteberatasun energetikoa prebenitzeko asmoz. Gainera, Eskualdeko Energia Plangintzei bultzada ematen jarraituko da eskualde agentzia bakoitzari 50.000 euro emanez. Azkenik, “degradatutako esparruak” 14. programan, 100.000 euroko hazkundea eman da proiektu eta ikerketa aurrekontu-sailean.

Obra Hidraulikoetako zuzendaritzari dagokionez, hiru programa izango ditu: azpiegitura hidraulikoak (5 milioi euro), ur baliabideak eta uraren kalitatea (1,17 milioi euro) eta ibaiak lehenaraztea (700.000 euro). Azken hau, programa berri bat da eta bere helburua da ur-sistemen berreskuratze morfologikoa lortzea. Adibidez, presa txikien ezabapena arraien ibilera galarazten dutelako.