Atzealdea Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ebaluatu du nola doan Gipuzkoako lurraldea 2030 Agendaren Garapen Iraunkorrerako helburuei dagokienez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak aztertu du nola doan Gipuzkoako lurraldea 2030 Agendaren Garapen Iraunkorrerako helburuei (GIH) dagokienez. Azterketa egiteko ingurumen jasangarritasuneko 51 adierazle definitu eta kalkulatu dira.

2019·06·13


Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ebaluatu du nola doan Gipuzkoako lurraldea 2030 Agendaren Garapen Iraunkorrerako helburuei dagokienez.

2015eko irailean, 193 herrialdek 2030 Agenda deiturikoa onartu zuten NBEko Batzar Orokorrean. Agenda horrek Garapen Iraunkorrerako 17 Helburu ditu (GIH) (https://www.un.org/sustainabledevelopment/es/development-agenda/), eta mundu osoan aplikatu beharreko 169 helburu. Helburu horiek, 2016tik, herrialde guztiek egiten dituzten ahaleginak zuzentzen dituzte, 2030ean mundu jasangarri bat lortzeko eta mundu osoan eragina duten ingurumen, gizarte eta ekonomia arazo larriei aurre egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategikoetako bat da jasangarritasuna bere nortasun ikur bilakatzea. Horrela, 2016an Bilbon egin zen Hiri eta Herri Jasangarrien Europako Batzarraren 8. edizioan, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak «Euskadiko Adierazpena» deiturikoa izenpetu zuen, eta horren bitartez konpromisoa hartu zuen 2030 Agendan onartutako helburuak lortzeko bidean lan egiteko.

Testuinguru horretan, Departamentuak erabaki du jarraipena egitea, Gipuzkoako lurraldea 2030 Agendako ingurumen helburuei nahiz Garapen Iraunkorrerako helburuei begira zein mailatan dagoen ikusteko. Helburu horrekin, jarraipenerako 44 adierazle definitu dira; adierazle horiei esker, ikusi ahal izango da ea Gipuzkoa aurrera edo atzera doan kontuan hartu diren 36 xede bakoitzari dagokionez. Era berean, adierazle horien 2015eko, 2016ko eta 2017ko balioak kalkulatu dira, eta horrela ingurumen helburuetara iristeko bidean lortutako aurrerapen mailari buruzko lehenengo datuak eskuratu dira, Garapen Iraunkorrerako Helburuak indarrean sartu eta bi urtera.

Garapen Iraunkorrerako Helburuak indarrean sartu zirenetik denbora gutxi igaro denez, oraindik ezin dira ondorio garbiak atera aztertu diren helburu askoren aurrerapen mailari dagokionez, baina emaitzek erakusten dute adierazleen ia % 38k bilakaera positiboa izan dutela 2015etik 2017ra; adierazleen %2 7en joera, berriz, ez da oso jasangarria izan; eta gainerakoen joera ez da argia.

Aurrerapen maila handiena erakutsi duten adierazleen artean daude birziklatze tasaren gehikuntza, hondakin uren tratamendurik ez duten biztanleria guneen gutxitzea eta airearen kalitatearen hobetzea oro har. Aldiz, beste aldagai batzuen kasuan, hala nola energia kontsumoa biztanleko hiri hondakinen sorkuntza eta lurzoruaren artifizializazioa, joera negatiboak erregistratu dira. 

Ingurumen Departamentuak aurreikusita du aldizka egitea definitutako adierazleen jarraipena, eta bereziki indartzea bere eskumeneko politikak izanik aldeko bilakaera erakutsi ez duten arlo horiek.

2030 Agendaren ingurumen helburuen aurrerapen adierazleak biltzen dituen dokumentua webgune honetan ikus daiteke.

Dokumentazioa