Bilketa eta garraoia

Askotan apurtutako material asko gelditzen zen fronte edo ezpondan eskegita, egonkortasunik gabe eta erori eta istripuak sortzeko arriskuarekin. Materiala askatzeko artillari eta barrenaria goitik jaisten ziren, zuhaitzetan (arte) edo lurrean sarturiko makiletara loturiko soketara lotuta eta harrobiaren zorura botatzen zituzten palanka edo beste erremintekin.

Leherketan ateratako 5, 10 eta 20 tonako harriak berriro puskatu beharra zegoen, garai hartako baliabideekin mugiezinak baitziren. Horretarako, artillari eta barrenariak zenbait zulo egin eta kartutxoak sartzen zituzten, dagozkien metxekin, guztiek ere motzak eta luzera berdinekoak. Eragiketa hori bukatu eta gero laztabin-zuloak lehertzen ("jo") ziren. Horretarako kartutxoen metxen luzeraren erdiko metxa bat moztu eta ebakidura egiten zen kanpoko estalduran barruko bolbora kanpora atera zedin. Dagokion korneta abisua eman eta gero, metxa hori piztu eta harkaitzaz harkaitza joaten ziren jarritako metxak pizten ebakiduretatik sugarra ateratzen zen bakoitzean.

Eskuan zeramaten metxa bukatzen zenean bazekiten piztutako lehenengo metxak bidearen erdia beteta zuela eta kartutxoa lehertzeko zorian zegoela; horrenbestez, korrika aldentzen ziren babes bila.

Harri handien bolumena murriztu eta gero peoiak sartzen ziren eta zatiak 6 kg ere pisatzen zuten mailuekin kolpatzen zituzten, txikitu eta 50 kiloko pisuan utzi arte; geroago, materiala eskuz biltzen zuten, pala, otarre eta txarrantxekin, 1.200 Kg-ko ahalmeneko bagonetan sartzeko; beraiek ziren ere bagonetak xehamakinaraino bultzatzen zituztenak, binaka, eta bertan materiala botatzen zuten. Harrobietako behargin zaharrek aipatu garraioek animalien bidez egiten zireneko urteekin oroitzen dira.

Garraioa eginda, peoi-bikote bakoitzak zurezko pieza sartzen zuen zuloz beteriko taula batean, honela beren lana kontrolatzen baitzen. Metodo honi esker bai langileek, baita enpresak ere, jasotako bagoneta-kopurua jakin zezaketen uneoro, eta batez ere eguna amaitzerakoan; horren arabera beraiei zegokien ordainsaria finkatzen zen.

1925. urtera aldera "60 beharginek 235 tona harri eta 65 tona hondakin ateratzen zituzten bataz beste eta, halabeharrez, bankuen estaldurek 115 lur-tona gehiago eskaintzen zituzten".