Lan baldintzak

Lan guztiak aire zabalean egiten ziren eta ez ziren eteten eguraldi txarreko egoeretan, euria zegoenean harginek bularrean larruzko tirekin lotzen zen ardi-larru batekin estaltzen baitzuten bizkarra eta, normalean, larruzko botak ere janzten zituzten (abarkak lehenago). Bazkaria harrobian bertan egiten zuten, eguerdi aldera. Langileren batek bakoitzak etxetik ekarritako eltzekoa (babak, babarrunak, zezina, etab.) suan berotzen zuen.

Hirurogeiko hamarkadara arte harginek inguruko baserrikoak ziren baina, lanaren gogortasunaren eta industriaren lan-eskaintzaren ondorioz, Galiziako beharginak ekartzera behartuta izan ziren; hauek harrobian bertan bizi ziren, barrakoietan.

Berrogeiko hamarkadaren hasieran harginek 900 pezeta irabazten zuten hileko, urtean 2.296 lan-ordu betez; hurrengo hamarkadan 1000/1200 pezeta irabazten zuten, bi kasuetan Gizarte Segurantzan inskribatuta zeudelarik.