Lan Baldintzak

Lehenago aipatu dokumentuak (Gipuzkoako meategi-eremuaren memoria estatistikoa, 1925ekoa) dio: "1924. urtean bost behargin hil dira harrobi-lanetan eta hiru larriki zauritu dira. Hildako beharginen kopuruaren eta zorigaiztoko gertakarien arteko proportzioari jarraituz istripu hilgarrien kopurua meategiena baino hiru aldiz handiagoa dela esan genezake, baina konparaketa hori ez da zuzena harrobietako ezbehar guztiak ez baitira ezagutzen eta, gainera, beren lana aldizkakoa baita".

Artillaria, lehen mailako espezialista, agregakinen harrobietako beharginik gaituena zen, harrobiaren arduradunaren atzetik.

Ustiatutako harrobi baten aire-ikuspegiaUstiatutako harrobi baten aire-ikuspegia. Beharginek lan ezberdinak burutzen.

Lehergailuen erabilera eta ofizialki ezarritako arau, argibide eta araudiak ezagutu behar zituen eta bere lana betetzeko baimenaren jabe izan behar zuen; baimena lortzeko azterketa bat gainditu eta 5 urtean behin berritu beharra zegoen eta baimenak lehergailuak biltegietatik harrobietara garraiatzeko, kartutxo eta detonagailuak prestatzeko, zuloak betetzeko eta lehertzeko ahalmena ematen zuen.

Normalean harrobietan edo meategietan oso gazterik lanean hasi eta eskarmentuaren ondorioz kargak nola jarri eta esfortzu gutxienarekin ahalik eta material gehiago ateratzeko leherketak nola egin beharko zuten bazekiten beharginak ziren. Jarduera honek zekarren arriskuak lanbide berezia bilakatzen zuen.

Ondoren barrenariak zetozen (2. mailako espezialistak). Hauek zuloak egiten zituzten, hasieran eskuz, mailu eta hagekin, eta geroago makina pneumatikoekin; era berean artillariei laguntzen zieten lehergailu eta metxak jartzen. Materiala bildu eta garraiatzen zuten peoiek hirugarren maila osatzen zuten.

Guztiek ere aire zabalean egiten zuten lan, eguraldi-baldintzak edonolakoak izanda ere, askotan elurra, euria eta hotz edo bero handiek lana gogortzen zutelarik.

1953. urtean harrobi-arduradun batek 750 pezeta/hileko irabazten zuen, gehi 150 osagarri gisa eta ehuneko zehatza, zenbait kasutan, dinamita aurrezteagatik; artillariak 12 pezeta/eguneko gehi peoiek irabazitakoaren %15a. Osagarri hau %10ekoa zen barrenarien kasuan eta %5ekoa xehamakina maneiatzen zuenarentzat.

Peoiek 7,5 pezeta/eguneko irabazten zuten eta horretarako 5 bagoneta kargatu eta garraiatu behar zuten, gutxienez, eguneko. Era berean, 5 pezetako hobaria jasotzen zuten 12 bagoneta egitera iristen baziren, horretarako 5-6 lan-ordu beharrezkoak zirelarik. Ekoizpen-maila hori lortuta, beharginek harrobian egindako lanari amaiera ematen zioten boluntarioki, batez ere inguruko baserrietako beharginek, eta beste batzuk egunean 15 bagoneta betetzera arte jarraitzen zuten. Guzti horri esker peoiek lortzen zuten soldata inguruko lantegietako peoiena baino handiagoa zen.

Lan-eguna zortzi ordukoa zen, larunbatak barne, bi txandatan, lehenengoa goizeko 6etatik eguerdiko 2etara eta bigarrena eguerdiko 2etatik gaueko 10etara; argi naturalik ez zegoenean harrobia fokuekin argiztatzen zuten. Euria egiten zuenean artillari eta barrenariak ez zuten lanik egiten baina bai ordea peoiek, materiala bagonetetan sartu eta garraiatzen zutenek.

Behargin-eskaera handia zegoen hamarkadetan (berrogeita hamarreko eta hirurogeikoak) inguruko beharginek ez ziren nahikoak eta harrobietara Galiziako eta Extremadurako beharginak iritsi ziren, "apopilo" bizi zirenak inguruko baserrietan.

1970-75ean inguru pizketa elektrikoa sartu zen leherketa eragiteko, eta baita goma 2a lehergailu gisa. Horren ondorioz leherketak tamaina handiagokoak ziren eta bankadak uzten ziren ezpondetan, horietan zehar hondeatzaileak baitzenbiltzaten eskegitako harriak askatuz; horrexegatik, artillariak eta barrenariak ez zuten eskegita jaisteko beharrik harriak askatzeko. Era berean, peoiak ordezkatu zituzten ere puskatutako materialak jaso eta garraiatzeari zegokionean.