Atzealdea “Indarkeria matxista nerabezaroan” jardunaldia

Urriaren 22an ospatuko da, Intxaurrondo Kultur Etxean, goizeko 9:00etatik 14:00etara

2020/10/14


Donostiako Udalak, “Indarkeria matxistari aurre egiteko tresnak, autodefentsa feminista eta sareak jardunaldia antolatu du. Aurtengoa IV. edizioa da eta urriaren 22an izango da Intxaurrondo Kultur Etxean (Felix Gabilondo plaza, 1), goizeko 9:00etatik 14:00etara. Jardunaldia euskaraz izango da.

 

Jardunaldia nerabeekin lanean edo harremanetan dauden eragileentzat da: haurtxoko eta gaztelekuetako hezitzaile, berdintasun eta gazteriako teknikari, irakasle, hezitzaile eta baita beste hainbat profiletako eragileentzat ere.

 

Donostiako Gazteriak Berdintasun Sailarekin elkarlanean antolatu duen ekitaldi honetan, oinarria izango da indarkeriari aurre egiteko eta gazteekin lan egiteko ditugun oinarrizko baliabideak eta ezinbestekoak direnak berreskuratzea.

 

Jardunaldiaren helburuetako bat da gizarteak nerabeei eskatzen dizkien rol eta estereotipoei buruz hausnartzea, zer nolako harremanak indartzen dituen ikustea eta horri aurre egiteko ditugun tresna batzuk ezagutzea: autodefentsa eta sororitatea.

 

Indarkeria matxistari aurre egiteko jendartearen eraldaketa eta kontzientziazioa beharrezkoak direla uste dute antolatzaileek. Eraldaketa hori lortzeko, ezinbestekoa da identifikatzea eta posizionatzea eta, horretarako, beharrezkoak dira gaiaren ezagutza eta konpromiso pertsonalak. Oraingoan, kolektiboaren baliabide pertsonaletan jarri nahi izan dute fokua.

 

Sarrera doakoa den arren, izen-ematea beharrezkoa da, edukiera mugatua delako. Izena emateko epea urriaren 2tik 15era da eta Donostia Gazteriako webgunean egin daiteke.

 

Egitaraua

Jardunaldian honako hizlari hauek izango dira: Eider Goiburu, Emagin Elkarteko Idoia Arraiza eta Kattalin Artola; eta, Eihera Kooperatibako Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarreta.

 

Solasaldi nagusia Eider Goiburu, psikologo eta feministak emango du. “Nerabezaroa, matxismoa eta prebentzio pilulak” izenburuarekin. Ondoren, nerabeen errealitatea aztertuko dute: non eta nola bizi dute nerabeek indarkeria matxista? Zein espaziotan? Zein modutara? Azkenik, nerabeekin indarkeria matxistaren prebentziorako pilulak eskainiko ditu: neskak eta mutilak banatu behar dira indarkeria matxista lantzeko? Gai ezberdinak landu behar dira batzuekin eta besteekin? Hitzaldi nagusiaren ondoren, bi tailer eskainiko dira:

 

  •  Emakumeentzako autodefentsa feminista: sareak, estrategiak eta sororitatea lantzeko, Emagin Elkarteko Idoia Arraiza eta Kattalin Artolaren eskutik.
  • Zergatik eta nola landu indarkeria matxista, neska eta mutilak bereizita?, Eihera Kooperatiba Txikiko Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarretaren eskutik.

 

Izen-ematea: Donostia Gazteriako webgunean 

 

 

 

Jarraitu gure sareak