Atzealdea

“Zutabeak arrakalatzen: etxebizitza eta generoa”

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) antolatuta, “Zutabeak arrakalatzen: etxebizitza eta generoa” hitzaldia egin zen larunbatean Donostiako Kutxa Kultur Plazan.

2020·11·03


 

Etxebizitzaren eta generoari buruzko solasaldia izan zen larunbatekoa, eta arrazoi desberdinengatik gaiotan aritutako hiru emakume izan ziren gonbidatuak: Oihane Ruiz Menendez, arkitektoa eta Silvestrina Kooperatibako kidea; Laura Muelas de Ayala, antropologoa eta Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa taldeko kidea; eta Maria Melo Obeso, arkitektoa eta Kalea(n) Bizi proiektuko kidea. Hitzaldiak aurrez aurrekoa izan behar zuen hasieran, baina streaming bidez emititu zuten azkenean, egoera berrira moldatu eta jende gehiagorengana iristeko asmoz.

 

Hitzaldiak hiru ardatz desberdin izan zituen: batetik, Covid-19ak etxebizitzaren gaian izan duen eraginean sakondu, eta horrek gure bizitza nola baldintzatu duen hausnartu zuten; bestetik, elkarbizitza-ereduen inguruan hitz egin zuten eta, azkenik, etxebizitzari eta segurtasunari buruz mintzatu ziren. Galdera desberdinak erantzun behar izan zituzten hizlariek hitzaldiaren lehenengo bi ardatzetan zehar eta, azken ardatzean, eztabaidarako eta solasaldirako tarte zabala eduki zuten.

 

Hitzaldiko hiru zatietan, etxebizitza-modelo komunitario eta feministen beharra aldarrikatu zuten hizlariek, hori delako, haien ustetan, emakumeentzat etxebizitza segurua izateko bermeetako bat. Horrez gain, bizi dugun egoeraren ondorioz, klase-, genero- eta arraza-arrakalak areagotzen ari direla ere aipatu zuten, eta aipatu zuten modelo komunitarioen bitartez arrakala hori txikiagotzeko aukera handiagoa dela.

 

 

 

Jarraitu gure sareak