Atzealdea Kultura eta Gazteria Departamentuak ‘Gure Plaza Txo!’ proiektua sendotu du 1.000 biztanletik beherako 10 herriren parte-hartzearekin

Ekimenak mila biztanletik beherako udalerrietan haurrekin eta nerabeekin aisialdia eta entretenimendua lantzeko beharrezkoak diren baliabideak eskaintzearen aldeko apustua egiten du.

2025/01/24


Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak Gure Plaza Txo! ekimena finkatu du garatzen ari zen 9 udalerrietan, eta oraindik zehaztu gabe dagoen herri berri bat gehituko da. Programaren helburua da aisialdiko eta entretenimenduko aukera ematea 1.000 biztanletik beherako herrietan bizi diren haur, gazte eta nerabeei, askotan azpiegiturak eduki bai, baina ez baitute jarduera horiek egiteko behar den profesionalik. Hala, proiektu pilotu bat egin da, bi urtekoa, eta hura amaitu ondoren, zerbitzua Aizarnazabal, Albiztur, Alkiza, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartzan finkatu da.

Kultura eta Gazteria diputatu Goizane Álvarezek adierazi duenez, "Kultura eta Gazteria Departamentuaren helburua da landa eremuko gazteen garapen integralari laguntzea eta haien inguruan aisialdi hezitzailea izateko eskubidea bermatzea, beste herri batzuetara joan beharrik izan gabe prestakuntza eta jolas jarduerez gozatzeko. Herri txikietako gazteak beren herrietan gelditzea eta komunitateko kide izatearen sentimendu sendoa sustatzea nahi dugu".

Ildo horretan, Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendari Isaac Palenciak, Larraulgo alkate Maite Aranak eta Alkizako alkate Iñaki Irazabalbeitiak ere parte hartu duten prentsaurrekoan, eta Palenciak nabarmendu du, zehazki, 2024ko urritik abendura bitartean 90 saio egin direla (aurreko urtean 75 saio egin ziren tarte berean), eta, batez beste 19 gaztek parte hartu dutela saio bakoitzean.

Bestalde, Larraulgo alkate Maite Aranak programak udalerrirako dituen onurak nabarmendu ditu: "Baliabide gutxi eta ia langilerik ez duen gurea bezalako udal batentzat ia ezinezkoa da gazteei halako zerbitzu bat eskaintzea, laguntzarik izan gabe. Larraulen 260 biztanle gara; horietatik 58 18 urtetik beherakoak, hau da, 23 baino gehiago. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiot Kultura eta Gazteria Departamentuari, udalerri txikiek eremu horretan dituzten beharrekiko azaldu duen sentsibilitateagatik, aukera ematen baitigu aisiarako aukera bat eskaintzeko Larrauldik irten gabe, herrian errotzea sustatuz. Ikasturte honetan 13 nerabe ari dira ekimenean parte hartzen, eta gero eta kohesionatuago eta proaktiboago daude jardueren antolaketan ".

Era berean, Iñaki Irazabalbeitiak adierazi du Alkizako udal-ordezkariok benetan sinesten dugu landa eremuko haur eta gazteak geure herrietako etorkizuna direla. Hortaz, herri txikietan ere kalitatezko zerbitzuak eskaintzea ezinbestekoa delakoan gaude. Gure Plaza Txo! programari esker, Alkizako nerabe eta gazteen arteko harremanak sendotu egin dira eta euren protagonismoa handitu egin da herriko ekintza kultural eta sozialetan. Zalantzarik gabe, Gure Plaza Txo!-k, eta konkretuki proiektuko teknikariak, trakzio lana egin du nerabe eta gazteak mobilizatzeko. Allkizako Udala Gipuzakoako Foru Aldundiari oso eskertuta dago orain arte jaso duen babesagatik eta etorkizunean ere programa horri eutsi eta indartuko duelakoan dago.

2025eko erronka, irismen handiagoa

Zerbitzu horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aizarnazabal, Albiztur, Alkiza, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartzako udalek erantzun integrala eman nahi dute, nerabeen parte-hartze aktiboa, berdintasuna, euskararen erabilera, bizikidetza eta tokiko konpromisoa sustatzeko, eta, horrez gain, haur, nerabe eta gazteen parte-hartzea areagotzeko, landa eremuen eta hiri eremuen arteko desoreka murrizteko, eta, ondorioz, herri txikien biziraupena bultzatzeko.

Hemendik aurrera, programa gazte gehiago erakartzera eta zerbitzu pertsonalizatuagoa eskaintzera bideratuko da, prestakuntza jarduerak integratuz eta tokiko aldaketa prozesuetan parte-hartze aktiboa sustatuz. Gainera, departamentuaren asmoa da, orain arte bezala, lantaldeak egonkor jarraitzea; lantaldea bi gizarte hezitzailek osatzen dute, eta funtsezkoak izan dira ekimenak arrakasta izan dezan.

 

Jarraitu gure sareak