Azaroak 20, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna: “Entzunak izateko eskubidea dugulako!”

Gazteria Zuzendaritzak Haurren eta Nerabeen eskubideen Nazioarteko Eguna dela baliatuz, sentsibilizazio- kanpaina martxan jarri du entzunak izateko eskubidea dutela gogorarazteko.

2022/11/18


Azaroaren 20an Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Egun horretan, 1989an Nazio Batuek Haurren Eskubideen Hitzarmena onartu zuten. Aurten, aurreko urte guztietan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin nahi du egun honetako aldarrikapenekin, haurrak berezko eskubideak dituzten subjektuak direla gogoraraziz.


Munduan haurrentzako lortutako aurrerapenak ospatzeaz gain, egun horren helburua da haur eta nerabeak, fisikoki, mentalki eta sozialki garatzeko eskubide osoa duten pertsonak direla, eta beren iritziak askatasunez adierazteko eskubidea ere badutela ohartaraztea.

Gazteria Zuzendaritzak urteak daramatza ildo horretan lanean, eta, aurten entzute-prozesu bati ekin dio. Haur eta nerabeak nola sentitzen diren eta beren ustetan zer moduz bizi diren ezagutzeko ikerketa berri bat jarri du abian: “ZMZ? Haur eta nerabeen ahotsa”.

Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna eta ZMZ entzute-prozesua baliatuz, Gazteria Zuzendaritzak kanpaina bat martxan jarri du haurrei eta nerabeei ahotsa ematearen eta entzutearen garrantziaz jabetzeko. Haur eta nerabe guztiek adierazpen-askatasuna garatzeko eta entzunak izateko eskubidea dute.

 

 

HAUR ETA NERABEEN AHOTSAK ENTZUTEN

Ikerketaren helburua da Gipuzkoako 8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeek beren ongizate-mailari buruz duten pertzepzioan sakontzea. Ikastetxeetan (publikoak zein itunpekoak/pribatuak) betetzen ari diren online galdetegiari esker garatuko da azterlana.

2023ko bigarren hiruhilekoan ikerketaren emaitzak ezagutaraziko dira, protagonisten ahotsetik nola sentitzen diren eta beren ongizate-maila nola hautematen duten jakingo dugu. Horrela, Gazteria Zuzendaritzak haien beharrei erantzun, eta beren errealitatea hobetzen jarraituko duen agenda publikoa bultzatu ahal izango du.

 

ZMZ WEBGUNEA

 

 

 

Jarraitu gure sareak