Atzealdea Gipuzkoak udalekuen esperientzia aitzindari bat sustatzen du desgaitasuna duten gazteek gaua ere igaro dezaten

Gazteria Departamentuak Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioaren esku jartzen du Hondarribiako aterpetxea. "Inklusioan eta aukera-berdintasunean aurrerapausoa da, Gipuzkoako gazte guztiek uda aberasgarri, autonomo eta esperientzia ahaztezinez gozatzeko aukera izan dezaten", azpimarratu du Goizane Alvarez, Kultura eta Gazteria diputatuak.

2025/06/13




Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria, Lankidetza eta Kirol Departamentuak desgaitasuna duten gazteentzako aisialdi inklusibo eta kalitatezkoaren aldeko konpromisoa indartzen du. Uda honetan, lurraldeko zazpi udalerritan egiten diren udaleku ireki tradizionalez gain, Hondarribiko Juan Sebastian Elkano aterpetxean gaua igarotzeko udalekuen esperientzia pilotu bat jarri da abian lehen aldiz.

Ekimen berria da, desgaitasuna duten 40 gazteri udalekuetako esperientzia osoa bizitzeko aukera emango diena, ekainaren 23ko astean egingo diren bi txandatan. Jarduera Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioarekin (FGDA) lankidetzan antolatuta dago, eta 12 begiraleren laguntza izango du taldeko.

Goizane Álvarez Kultura eta Gazteria diputatuak ekimen honen garrantzia azpimarratu du. Gazteria Departamentuak doan lagako ditu instalazioak udalekuak egiteko. "Familien eskaerak entzutea eta haiei erantzutea lehentasuna da gure departamentuarentzat. Gaua igarotzea barne hartzen duten udalekuen formatu berri hori aurrerapauso bat da inklusioan eta aukera-berdintasunean, Gipuzkoako gazte guztiek uda aberasgarri bat, autonomoa eta esperientzia ahaztezinak dituena, goza dezaten". "Eskerrik asko Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren konpromisoagatik eta inplikatutako udalerrien lankidetzagatik. Udaleku horiek erakusten dute sarean lan egiteak ekimen eraldatzaileak sortzen dituela”.

 

Udaleku irekiak

Berrikuntza horretaz gain, udaleku irekien programak ohiko eskaintzari eusten dio; aurten, 10 eta 21 urte bitarteko 140 haur eta gazterengana iritsiko da, eta 40 begiralek parte hartuko dute. Ekainaren 30etik uztailaren 18ra bitartean egingo dira, astelehenetik ostiralera, goizez (9:30etik 13:30era), Andoainen, Aretxabaletan, Beasainen, Donostian, Errenterian, Irunen eta Zarautzen.

Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federaziotik, Blanca Aranguren lehendakariak udaleku hauen zentzua azpimarratu du: "Gure helburua da desgaitasuna duten gazteek aisialdi aktibo bat izatea, osasungarria eta familia-ingurunetik kanpokoa. Eskerrik asko udalerriei, kirol-espazioak lagatzeagatik, eta Gazteria Departamentuari, aisialdiaren bidez eskubideak zabaltzen jarraitzeko egin duen apustu irmoagatik". "Hondarribiko esperientzia mugarri bat da. Urteak daramatzagu eskaera hori jasotzen familien aldetik, eta ilusioz lan egin dugu uda honetan gauzatu dadin. Gure ustez, bizipen paregabea izango da parte-hartzaileentzat".

Aurtengo udalekuetan izena emateko epea itxita dago jada.

 

 

Jarraitu gure sareak