Atzealdea 2024ko Gazteak Auzolanean dirulaguntzen itxiera: Aisialdi hezigarria, kudeaketa emozionala, arte garaikidea eta deskonexio digitala
2025/06/26
2024an Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren Gazteak Auzolanean dirulaguntza jaso zuten bost proiektuek beren ibilbidea amaitu dute, hilabeteetako lanaren ondoren. Proiektuek hainbat gai jorratu dituzte, hala nola aisialdi inklusiboa, emozioen kudeaketa, arte garaikidea, deskonexio digitala eta osasun mentala. Proiektu guztiak 18 eta 30 urte bitarteko gazteek bultzatu dituzte, 1.500 € eta 5.000 € bitarteko laguntza ekonomikoa jaso dute eta Gaztegune+ zerbitzuaren laguntza teknikoa ere jaso dute.
2017tik Gazteak Auzolanean tranpolina izan da gizartea eraldatzeko proiektuak garatu nahi izan dituzten Gipuzkoako gazteentzat. Urte hauetan, 113 gaztek 32 proiektu garatu dituzte, Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak beren proiektuetara bideratutako 171.000 euro baino gehiagoko laguntzari esker.
Egitasmoetako parte-hartzaile guztiek nabarmendu dute dirulaguntzen garrantzia: horrelakoak ezinbestekoak dira beren ideiak gauzatu ahal izateko, eta uste dute oso beharrezkoak direla; horregatik, asko eskertzen dute era horretako deialdietan parte hartzeko aukera izatea:
“Guretzat Gazteak Auzolanean dirulaguntza jasotzea beharrezkoa izan da gure amets honi erantzuten hasteko eta proiektua aurrera eramateko babestuta, konfiantzan eta seguru sentitzeko.” – Haizeberri
“Horrelako laguntza batek ematen zizkigun aukerak ikusteak asko erraztu zigun prozesua (...). Dirulaguntza izan da proiektuaren funtsezko zutabea, hori gabe ezin izango genukeen egin.” – Saretik Esnatu
“Proiektu boluntarioen bidez pertsona bezala hazten gara, komunitatean eragin positibo bat izanez. Horrelako jarduerek “bete” egiten gaituzte.” –Gazte, emozioen jabe!
Laster jakinaraziko dira 2025erako aukeratutako proiektuak, gaur egun ebaluazio-fasean daudenak. Bien bitartean, Gazteak Auzolanean ekimeneko parte-hartzaileek beren proiektuen eta dirulaguntzen balorazio txikia egin dute.
Ibarran Gazte, emozioen jabe! proiektuak konfiantzazko gune bat sortu du nerabeekin emozioen kudeaketa eta ongizate psikologikoa lantzeko. Hainbat hitzaldiren bidez, nork bere emozioak kudeatzeko eta besteei laguntzeko tresnak landu dituzte. Inpaktuari buruz galdetuta, proiektuaren sustatzaileek honako hau balioetsi dute:
“Gazte, emozioen jabe!” egitasmoari esker, ongizate emozioanalaren kontzeptua ezagutu da herrian. (…) Hitz egiteko zaila den gai bat izatetik, herrian kuriositatea sortu duen zerbait izatera pasatu da.”
“Konfiantzazko gune bat sortzea lortu dugu eta hori oso aberasgarria izan da.”
Debagoienan, Haizeberri proiektuak dibertsitate funtzionala duten gazteentzako aisialdi inklusibo aberasgarriko hainbat jarduera bultzatu ditu. Taldeak bere inguruan behar bat ikusi zuen, eta Gazteak Auzolanean dirulaguntzak proposamen zehatz batekin erantzuteko aukera eman zien.
“Dirulaguntza jasotzeak, hasiera hori hain bideratuta izateak, gure ametsetako proiektu hau gauzatzen lagundu digu.”
Maite duten neskak edo EMEDEENE talde artistikoak hainbat ekintza performatibo garatu ditu arte garaikidearen ikerketa kritikoan oinarrituta. Dirulaguntzak aukera eman die topaketa irekiak egiteko eta beren jarduerarako funtsezko materiala eskuratzeko. Taldeak uste du:
“Horrelako proiektuek dirulaguntza publikoak behar dituzte sostengatu ahal izateko.”
“Jende ezberdina hurbildu da gure espaziora, orokorrean giro polita sortu da gure ekimen ezberdinetan. Somatu dugu horrelako espazio baten beharra zegoela eta ongi etorria izan dela testuinguru ezberdinetan.”
Hainbat hitzaldi, jardunaldi eta topaketaren bidez, Saretik esnatu proiektuak teknologien eta sare sozialei buruzko hausnarketa bultzatu du gazteen artean. Deskonexio digitalaren inguruan lan egin dute. Saioetako parte-hartzaile batek eta bultzatzaileak honako hau adierazi dute:
“Mugikorrean eta sare sozialetan inbertitzen dudan denbora guztiaz ohartu naiz. Saio horietan parte hartuz, konturatzeaz gain, mugikorra alde batera uzteko eta aurrez aurre egiten ditudan interakzioez gehiago gozatzeko gai izan naiz.”
“Jende asko ez da bere ongizate digitalaz jabetzen. Aplikazio bat nahiko ezkutuan dago, eta mugikorra zenbat denboraz erabili duzun esaten dizu. Nik asko erabiltzen dut, kontzienteki eta beharrezkoa denean erabiltzen laguntzen didalako.”
Gazteak auzolanean dirulaguntzak
Jarraitu gure sareak
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |