Atzealdea Elkarrizketa: Gazteak Auzolanean, Haizeberri proiektua
2025/06/27
Gazteak Auzolanean programa, 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako dirulaguntza da. Hautatutako egitasmoek Gaztegune+ gazteentzako zerbitzuaren laguntza teknikoa ere jasotzen dute, hasiera batean ideia dena proiektu bihurtzeko; eta horretarako, lan jardunaldiak eta jarraipen-tutoretzak jartzen dira haien eskura.

2024an hautatuetako bat da Haizeberri, aniztasun funtzionala duten gazteak ahalduntzeko helburua duen ekimena. Debagoienan garatu da eta aisialdiarekin lotutako hainbat ekintza antolatu dituzte: irteerak, tailerrak... Haizeberriko partaideekin bildu gara, euren proiektuari buruz aritzeko.
Haizeberri aniztasun funtzionala duten pertsonen aisialdi-beharrari erantzuteko sortu da, aisialdi osasungarria, kalitatezkoa eta inklusiboa bermatzeko. Zorionez, badituzte aisiako eskaintza ezberdinak, baina uste dugu oraindik ere gabezia bat dagoela talde-identitate bat sortu, gizarteratu eta beraien parte-hartzea eta garapena bermatzeko orduan. Mugak testuinguruan daudela ulertzen dugu guk eta ez pertsonetan.
Gure helburua da gazte horien beharrei, nahiei zein ametsei erantzutea eta baita beraien familiei laguntzea ere: terapia eginez eta bidean lagunduz, formazioak eta arnasguneak eskainiz. Egungo gizartean oso presente dagoen sendentarismotik irtetzea ere bai, teknologia berriei oso lotuta daudelako eta horrek mugimendua eta sozializazioa mugatzen dielako.
Guretzat proiektu hau aurrera eramatea altxor bat izan da. Gazteek ere oso ondo baloratu dute, baita familiek ere. Proiektua sortzerakoan genituen helburuak bete ditugula esan genezake. Lortu dugu gure gaztetxoak talde identitate bat garatzen hastea, baina hori indartzen jarraitu behar dugu.
Guk egiten ditugun ekintzak gizartean daude, gizarteko esparru desberdinetan, izan esparru kulturaletan, naturaletan, artistikoetan, izan plazan, kultur etxean... Horrek asko egiten du hemen daudela ikusarazteko, garatzen jarraitzeko aukera dutela sinesteko eta gizartea gure presentziaz jabetzeko.
Bestalde, proiektu honi esker zubiak ere eraiki ditugu: udal desberdinekin, herri bakoitzeko beste erakundeekin... Horren adibide dira Arrasateko sexologia-zerbitzuari esker gure gazteek izan dituzten sexologia-tailerrak.
Guretzat dirulaguntza hau funtsezkoa izan da, ez da osagarria izan; eta horri esker izan da posible Haizeberri. Hori gabe ez litzateke ezer izango edo beste planteamendu bat izango luke.
Haizeberri jaio da aniztasun funtzionala duten pertsona gazteei aisialdiko eskaintza bizi bat emateko, eta eskaintza hori gauzatzeko dirua behar da. Orain badakigu zenbat kostatzen den egin ditugun ekintzak aurrera ateratzea. Diru hori gabe eskaintza kalitate baxuagokoa izango litzateke eta, ondorioz, erabiltzaileen beharrak ez ziren berdin asetuko. Gazteak Auzolanean programa guretzat ezinbestekoa izan da, hasierako bultzada hori proiektua ahalbidetu duena izan delako.
Martxan jarri zenean ikusi genuen gure inguruan beste elkarte eta erakunde batzuk ere bazeudela eta, beraz, egiten zutena ez zapaltzeko eta momentu konkretuetan elkarlanean jarduteko beharra ikusi genuen. Ointxe txapeldunak, Arrasateko saskibaloi-taldea, Bergarako gaztelekua... Debagoienako udalekin ere lehen kontaktuak egiten hasi gara. Gainera, ekintza batzuk beste elkarte batzuekin batera egin ditugu, adibidez, Arrasateko sexologia-zerbitzuarekin batera egindako tailerrak.
Arizmendi ikastolarekin, adibidez, harreman estua izan dugu, batez ere, ZIG gelako (Zereginen Ikasketen Gela) irakasleekin. Beraien ikasle gehienak gure erabiltzaileak dira eta elkarlanean aritu gara sexologia-tailerrean. Izen-ematea zabaltzeko orduan beste herri batzuetan ere zabaldu dugu, adibidez, Oñatiko Herri Eskolako ZIG gelan. Halere, gustatuko litzaiguke harremanak beste ikastetxe batzuetara ere zabaltzea.
Uste dugu gizartean dagoen behar bati eratzuten ari garela, eta gazte hauek ere eskubidea dutela horrelako zerbitzu bat izateko eta gainerako pertsonek egiten dituzten planak egiteko.
Momentuz, Debagoienan jarraituko dugu, baina aurrerago beste bailara batzuetara zabaldu nahiko genuke. Izan ditugun balorazioak oso positiboak izan dira eta oso onuragarria izan da parte-hartu duten gazte zein familientzat. Hori horrela, Haizeberri aisialdi-elkartea irabazi asmorik gabeko elkarte bihurtu da. Dagoeneko Debagoienako zenbait udalekin hitz egin dugu: Aretxabaleta, Eskoriatza, Oñati, Bergara… eta feedback positiboa jaso dugu. Harremanetan jarri nahi genuke hemen inguruan dauden beste enpresa, elkarte eta ikastetxe batzuekin eta proiektua elkarlanean eraiki; beraien babesa lortu nahi genuke.
Guretzat Gazteak Auzolanean dirulaguntza jasotzea ezinbestekoa izan da gure ametsa betetzen hasteko eta, proiektua gauzatzeko orduan, babestuta, konfiantzan eta seguru sentitzeko.
Gizartean behar hau zegoela ikusi genuen eta ziur gazte askok ere ikusten dituztela beraien inguruan hainbat behar. Programa hau behar horiei erantzuten hasteko modu bat da. Gure kasuan laguntza hau jasotzeak datorren urteetan proiektuarekin jarraitzea ere erraztu digu, laguntza baliagarria izan delako gu kokatzeko, gidatzeko eta laguntzeko. Dirulaguntza jasotzeak, hasiera hori hain bideratuta izateak, gure ametsetako proiektu hau gauzatzen lagundu digu.
Gogoa badute, beldur gabe aurrera eramateko esango genieke. Agian helburu potoloena lortu ez arren, prozesu horretan helburu txiki asko beteko dituztela, gizarteari onura handiak ekarriko dizkiotenak. Eta prozesu horretan asko hazten zarela, asko ikasten duzula, proiektuaren hasieran zaren pertsona eta bukaeran zarena oso desberdinak dira. Eta inguruan egiten duzun inpaktua…
Animatzeko esango genieke eta ez izateko beldurrik! Gauza asko ondo aterako direla eta hain ondo ateratzen ez diren horiek ere ikaskuntza handia direla.
Jarraitu gure sareak
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |