Atzealdea Saretik esnatu!

Gazteak Auzolanean programak diruz lagundutako "Saretik esnatu!" proiektuak deskonexio digitalari buruzko ekintzak antolatu ditu gazteen beharretatik abiatuta

2025/06/30


"Saretik esnatu!" da Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak 2024an Gazteak Auzolanean dirulaguntza-programarako hautatutako 5 proiektuetako bat. Egitasmoaren helburua zen gazteak teknologiaren gehiegizko erabileraren inguruan kontzientzia hartzea eta deskonekzio digitalaren bitartez pertsonekin benetan konektatzen ikastea.

Teknologia tresna garrantzitsua da; Internet eta sare sozialek harremanak izateko, ikasteko eta komunikatzeko moduak aldatu dituzte, baina segurtasunari, ongizate emozionalari eta pentsamendu kritikoari buruzko hainbat erronka ere ekarri dituzte.

Gehiegizko estimulu digitalen eta inolako kontrolik gabeko sareekiko etengabeko esposizioaren aurrean, Saretik esnatu! proiektuak kezkatuta dauden eta perspektiba askoz naturalago eta irekiago batekin aldatzeko gogoa duten pertsonen talde bat bildu du.

Ingurune digitaletik deskonektatzen eta benetako konexioak sentitzen ikasteko espazio bat sortzea izan da proiektuaren asmoa. Honen bidez, 18 eta 28 urte bitarteko gazteek kontzientziatzeko eta sareetatik deskonektatzen ikasteko tresnak eta baliabideak jaso dituzte.

Otsailean hasi ziren proiektua garatzen eta ekainaren 7 eta 8an Debako Arruan-Haundi baserrian egin zuten “48 OFF” deskonexio digitaleko asteburuarekin amaitu zuten. Saretik esnatu! egitasmoan 3 bloke landu dituzte eta horietako bi deskonexio digitaleko asteburu horrekin amaitu dira. Gainera, aldez aurretik 2 dinamika mota egin dituzte prestatzeko.

Burututako jarduerek aukera eman diete elkar ezagutzeko eta esperientzia bete-betean bizitzeko; gainera, taldeari konektatzen lagundu diote, eta deskonexio digitala naturarekin berriz konektatzeko eta berdinen arteko benetako harremanak sustatzeko oinarriak sortu dituzte.

Gaiak lantzeko eta horiei buruz hausnarketa kritikoa garatzeko hainbat adituren laguntza izan dute, besteak beste: Jone Lorenzo, Maitane Ormazabal, Maddi Osoro, Leire Cano, Ibon Idigoras eta Ricar Ruiz. Eta hamaika gai jorratu dituzte, hala nola, pantailen gehiegizko erabileraren ondorio fisiko, psikologiko eta emozionalak; erabilera-ohiturak, gazteen arteko harreman-modu osasungarriak…

Saretik esnatu! proiektuan guztira 35 gaztek parte hartu dute, modu batean ala bestean. Julen, Maria, Maitane eta Galder dira parte hartu duten gazteetako batzuk eta proiektuak pertsonalki nola eragin dien galdetzerakoan argi izan dute: “egiten genuen gehiegizko erabileraz ohartu gara eta gure egunerokotasunean aldaketa txikiak txertatzen hasi gara: denbora-mugak ezartzen ditugu, jakinarazpenak mugatu ditugu eta deskonexio digitalerako ohiturak sortzen hasi gara, adibidez ohera joatean eta esnatu baino orduerdi lehenago mugikorra alde batera uzten dugu; esnatzeko ere iratzargailua erabiltzen dugu eta ez mugikorra. Orain konszienteki erabiltzen dugu mugikorra, benetan nahi eta behar dugunean”.

Gazteria Zuzendaritzaren konpromisoa

Gazteria Zuzendaritzak hainbat urte daramatza gai honekin konprometituta, Kultura Digitala lan-ildoaren bitartez: belaunaldi berrien artean ingurune digitalaren erabilera ona eta alfabetatze digitala sustatu nahi ditu, eta TREBA prestakuntza-eskaintzaren bidez ere lantlzen du gaia, hainbat modutan. Aurten, esate baterako, TREBA programaren nerabe eta gazteentzako tailerretan begirada kritikoa lantzen ari dira; lurraldeko gurasoei hizaldia eskaini zaie haur eta nerabeek pantailekin duten harremana kudeatzeko moduari buruz, eta Gipuzkoako gaztelekuetako profesionalek ere prestakuntza jaso dute nerabeekin begirada kritikoa lantzeko.

Saretik esnatu proiektua

 

 

 

Jarraitu gure sareak