Atzealdea Udalekuak eta Gazte Oporraldiak gaur hasi dira: Gipuzkoako 1.380 gazte baino gehiagok aisialdi hezigarriaz gozatuko dute hilabete honetan

Gazteria Zuzendaritzak antolatutako kanpainak 7 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeentzako aisialdi eta bizikidetzako egonaldiak eskainiko ditu abuztura arte.

2025/07/01



Gaur, uztailak 1, hasi dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko Gazteria Zuzendaritzaren Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programak. Zehazki, lurraldeko 1.383 haur eta nerabek hezkuntza-esperientzia aberasgarria eta bizikidetzakoa izango dute datozen egun eta asteotan.

Gaur goizean Donostiako autobus-geltokian jarri dira martxan, 18 autobus Udaleku eta Gazte Oporraldietako egonaldiak egingo diren tokietara irten direnean. Ilusioa eta urduritasuna nabari ziren giroan, eta ehunka familiak agur esan diete udako abentura hau hasi berri duten haur eta nerabeei.

 

 

7 eta 13 urte bitarteko 1.010 haurrek Udalekuak programarekin gozatuko dute, 7 eguneko txandatan banatuta, euskaraz edo elebitan antolatutako egonaldietan. Udalekuak programa hiru Foru Aldundiek elkarrekin antolatzen dute, eta, horri esker, Gipuzkoako parte-hartzaileak Arabako eta Bizkaiko haurrekin batera biziko dute esperientzia.

Bestalde, Gipuzkoako 14 eta 17 urte bitarteko 373 nerabek Gazte Oporraldiak programan parte hartuko dute, 7, 10, 11 edo 12 eguneko egonaldietan, euskaraz edo gaztelaniaz. Aurreko urteetan bezala, egonaldiak eta jarduerak beste autonomia-erkidego batzuekin lankidetzan antolatu dira, eta horregatik Gipuzkoako nerabeak hainbat eskualdetako nerabeekin egongo dira.

Bi programa horien helburu nagusia da Gipuzkoako haur eta gazteek aisialdiaz modu aktibo eta baliotsuan gozatzea, aisia hezigarriaren bitartez autonomia, bizikidetza, jolasa, euskararen erabilera eta ingurunearen ezagutza sustatuz. Gainera, urtero bezala, plazen % 5 behar bereziak dituzten pertsonentzat gorde dira, inklusioa bermatuz.

 

Udako programak jarraitzeko egunerokoak

Familiek beren seme-alaben egunerokotasuna jarraitu ahal izango dute bi programen webguneetan prestatutako "Egunerokoak" espazioaren bidez. Bertan, egiten dituzten jardueren irudiak eta laburpenak argitaratuko dira.