Atzealdea TREBA programak 170 tailer eta hitzaldi baino gehiago eskainiko ditu udazkenean Gipuzkoan, nerabeei, gazteei eta familiei zuzenduta

​Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailak aurkeztu du TREBA programaren udazkeneko egitaraua, nerabeen, gazteen eta familien ongizatea, prestakuntza eta ahalduntzea sustatzea helburu duen prestakuntza- eta laguntza-programa. ​

2025/09/12


Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailak aurkeztu du TREBA programaren udazkeneko egitaraua, nerabeen, gazteen eta familien ongizatea, prestakuntza eta ahalduntzea sustatzea helburu duen prestakuntza- eta laguntza-programa.


Irailetik abendura bitartean guztira 179 saio eskainiko dira, doakoak eta aurrez aurrekoak: 62 nerabeentzako, 47 gazteentzako eta 70 familientzako, Gipuzkoako ehun udalerri baino gehiagotan banatuta.

TREBA Nerabeak programak 30 udalerritan egingo ditu 62 saio; TREBA Gazteak-ek, berriz, 47 saio 29 udalerritan. Bestalde, TREBA Gurasoak izango da esparru zabalena, 45 udalerritan 70 tailer eta hitzaldi eskainiz.

Nerabe eta gazteei zuzendutako programak lau ardatz nagusitan egituratzen dira: Ongizate emozionala, gaitasun emozionalak garatzeko eta osasun mentala sustatzeko. Begirada kritikoa, Internet eta sare sozialen erabilera arduratsua eta kontzientea lantzeko. Sexualitatea, harreman osasuntsu eta errespetuzkoak sustatzeko hezkuntza integrala eskaintzeko. Bizitzarako trebetasunak, autonomia eta hazkunde pertsonala indartzeko.

Bloke bakoitza bi mailatan eskaintzen da: ikuspegi orokorra emango duen ikastaro oinarrizkoa, eta sakontzeko ikastaro praktikoagoa. Horrela, ikaskuntza progresiboa bermatzen da.

Kultura eta Gazteriako diputatuak, Goizane Álvarezek, ekimen honen garrantzia azpimarratu du: “TREBA programa urtez urte hazi da, parte-hartzaileen kopuruan eta eduki-aniztasunean, eta gazteek eta familiek eurek adierazitako beharretara egokitzen da. Funtsezkoa iruditzen zaigu nerabe eta gazteen garapen pertsonala babestea, bizitzako une erabakigarrietan, emozioak kudeatzeko, autoestimua indartzeko eta besteekin harremanak hobetzeko tresnak eskainiz”.

Programaren bosgarren edizioak berrikuntza garrantzitsu bat ekarri du: dagoeneko baziren TREBA Gazteak (17-24 urte) eta TREBA Gurasoak (familientzat) lerroei TREBA Nerabeak gehitu zaie, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendua. Hedapen honekin, Álvarezen hitzetan, “aurrerapauso handia eman dugu, bizitzako etapa bakoitzaren behar espezifikoei erantzuteko eta eguneroko bizitzarako tresna erabilgarriak eskaintzeko aukera ematen baitu”.

Egitarau zehatza eta eguneratutako agenda Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Sailaren webgunean kontsulta daitezke: www.gipuzkoangazte.eus

TREBA gazteak agenda

TREBA nerabeak agenda

TREBA gurasoak agenda

 

 

Jarraitu gure sareak