Atzealdea

Desberdintasunei mugak jarriz

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zas! Zurrumurruen Aurkako Euskal Sareak estereotipoak desegiteko eta kultura-aniztasunaren potentziala argitara emateko kanpaina abiarazi dute sare sozialetan.

2021·02·17


Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendari den Ion Gambrak eta ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sareko kide diren Andrea Ruiz eta Xabier Aierdik aurkeztu dituzte kanpainaren edukiak prentsaurreko batean. “Gure gizartean kultur aniztasuna indartzeko eta diskriminazioak prebenitzeko zirimiria” izan nahi dute ekimen honetan garatutako mezuek eta ekintzek, euskal gizartean eragin eta bizikidetzarako espazioak sortzearekin batera.

 

Azaldu dutenez, ZAS!-ek bere webgunea (www.zas.eus) berritu du Aldundiaren laguntzarekin, sarearen hiru lan-ardatzak modu erakusgarri eta intuitiboago batean plazaratuz: dibulgazio-ardatza, diskurtso-ardatza eta prestakuntza-ardatza. Herritarrek eduki horiek bere egitea da webgunearen helburua, horretarako beharrezkoak diren ekitaldiei buruzko materialak eta albisteak eskainiz.

 

Aldundiaren eta ZAS!-en arteko lankidetza sare sozialetan gauzatuko da datozen egunetan. Garrantzi handiko gaietan ikuspuntu landua plazaratuko da hamar infografiaren bitartez, diseinu erakargarrien bitartez publiko berriekin konektatzeko. Migrazioaren gaiari heltzen dioten bi bideo ere aurkeztu dituzte, gaiaren inguruan sentsibilizatzeko asmoz.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ZAS!-en arteko lankidetza “desberdintasunei muga jartzeko” konpromisoan eta desberdintasunak pandemiaren ondorioz ez hazteko ahalegin bateratuan kokatu du Ion Gambrak. Gainera, herritarrek zeregin horretan duten rola azpimarratu du, “gizarte kohesionatu, kritiko eta ahaldundu bat” delako, bere ustez, estereotipo eta zurrumurru faltsuei aurre egiteko “txertorik” onena. ZAS! sareko ordezkari diren Andrea Ruizek eta Xabier Aierdik benetan onuragarritzat jo dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin abian jarri duten lankidetza.

 

 

 

Jarraitu gure sareak