Erasmus+ 2021-2027 programak jarraipena ematen dio aurreko programari (2014-2020), aurrekontua ia bikoiztuz

28.000 milioi euro baino gehiago Europar Batasunaren barruan eta kanpoan mugikortasuna eta ikaskuntza bultzatzeko

2021/04/21


28.000 milioi euroko aurrekontuarekin, programa berriak hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolaren arloetako ikaskuntzarekin lotutako mugaz gaindiko mugikortasun- eta lankidetza-proiektuak finantzatuko ditu 2021etik 2027ra arte.

Honako lehentasun hauek izango ditu:

  • Inklusioa eta aniztasuna. Aukera gehiago sustatzen dira, oztopoak ezabatzeko eta pertsona guztiei irekitzeko. Hirugarren herrialdeekiko lankidetzan dimentsio nazioartekoagoa sartzen da, EBtik harago.
  • Eraldaketa digitala. Gaitasun digitalak garatzen laguntzen du, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzen du, ikaskuntzaren alde.
  • Ingurumena. Programak finantza-pizgarriak eskainiko dizkie garraiobide iraunkorrak erabiltzen dituzten parte-hartzaileei, eta klima-aldaketaren aurkako borroka eta sentsibilizazioa sustatzen duten proiektuak bultzatuko ditu.
  • Gazteriari buruzko kapituluak babesa ematen die gazte guztiei hezkuntza ez-formalaren eta informalaren eremuan.

2021erako honako ekintzak aurkezten ditu:

  1. Ikaskuntzarako mugikortasun-proiektuak. Hauek barnean hartzen dituzte gazte-trukeak, gutxienez bi herrialdetako gazteak biltzen dituztenak hainbat jardueraren inguruan, gaitasunak garatzeko, partekatzeko eta ikasteko; gazteriako langileen mugikortasuna, beren garapen profesionalean laguntzeko; gazteek parte hartzeko proiektuak, Europako bizitza demokratikoan toki-, eskualde-, nazio- eta Europa-mailan parte har dezaten sustatzen dutenak; DiscoverEU programa, Europan trenez bidaiatzako aukera ematen diena; eta azkenik, berrikuntza aipagarrietako bat, Erasmus+ akreditazioa erakundeei mugikortasun-proiektuak garatzeko eta diru-laguntzen eskaerak modu sinplifikatuan aurkezteko aukera emango diena.
  2. Berrikuntzarako eta jardunbide egokiak trukatzeko lankidetza, hala nola lankidetza-elkartzeak, erakundeei aukera ematen dietenak beren jardueren kalitatea eta garrantzia handitzeko, beren bazkide-sareak sendotzeko eta nazioartean elkarrekin jarduteko gaitasuna areagotzeko; eskala txikiko elkartzeak, tokiko mailan jarduten duten eragileei eta sektore desberdinetan irisgarritasun gutxien duten pertsonei Erasmus+ programan parte hartzea errazteko diseinatuak; eta gaitasunak garatzeko proiektuak, gazteen eta erakundeen garapen sozioekonomiko eta iraunkorraren motor gisa nazioarteko lankidetza eta elkarrizketa politikoa indartu nahi dituztenak.
  3. Erreforma politikoentzako laguntza, Europa mailako politikaren esparruan lankidetza eta modernizazioa sustatzeko. Izan ere, Europako Gazteria Batua ekintza beren mugetatik haratago aliantzak ezarri eta beren jarduerei dimentsio europarra gehitu nahi dieten gazte-erakundeei zuzenduta dago.

 

Erasmus +: Gazteak Ekinean

Gipuzkoan ere, Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak lagunduta, azken urteotan zenbait udalerritako gazteek truke-esperientziak bizi izan dituzte programa honen barruan. Orain, egoerak behartuta, aurreikusita zeuden proiektuek ez dute aurre egin, baina normaltasunera itzultzean, egitasmo berriak martxan jartzeko aukera izango da.

 

Erasmus plus programa

 

Informazio gehiago