Atzealdea

Erasmus Plus: “Gazteak eta Hizkuntza Gutxituen” proiektuko 32 gazte euskaldun eta irlandarrek astebeteko egonaldia egin dute Hondarribian

Tailer eta dinamika ezberdinen bidez euskararen gaur egungo errealitatea zein den ezagutu dute, guztiontzat esperientzia aberasgarria izanik

2019·12·11


Galway-n (Irlandan), hilabete bat lehenago, gaelikoaren egoera zein zen ezagutu ondoren, oraingo honetan Elgoibar, Zizurkil, Donibane Garaziko, eta Irlandako 14-16 adin bitarteko 32 gaztek euskararen gaur egungo egoera zein den ezagutzeko parada izan dute, Gazteak eta Hizkuntza Gutxituen” proiektuaren baitan, abenduaren 2tik 8ra, Hondarribiko Aterpetxean egindako egonaldian.

 

Ekintza ezberdinez antolaturiko astea

 

Abenduaren 2an Hondarribiko Aterpetxean bildu eta gero, euskararen errealitatea ezagutzeko ekintza ezberdinez jositako asteari ekin zioten gazteek: horrela, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna izanik, Gipuzkoako Foru Aldundian harrera egin zieten Diputatu Nagusi Markel Olanok, Gazteria zuzendari Isaac Palenciak eta Euskarako zuzendari Garbiñe Mendizabalek. Horren ostean, Tabakaleran 2deo espazioa ezagutu zuten, euskarazko bideo-sorkuntza lantzen duen egitasmo aitzindaria, baita Euskarabentura ekimena ere. Arratsaldean, gazteek Realeko Zubietako instalazioak bisitatu zituzten, eta Realeko Fundazioko Andoni Iraolak nerabeei azaldu zien euskara nola zaintzen duten eta zein paper garrantzitsu duen kategoria ezberdinetako futbolarien prestakuntzan.

 

Hurrengo egunean, abenduaren 4an, Hondarribian Euskal Herriko herri-kiroletan trebatu ondoren, hezkuntza eta hizkuntza gutxituen gaia landu zuten, Ebete-ko Beñat Garaio soziolinguistaren eta hizkuntzen biziberritzean adituaren eskutik, ikus-entzunezko eta jolasen bidez. Bestalde, abenduaren 5ean, euskal kulturaren erreferentea den Durangoko azoka bisitatu zuten, eta baita arratsaldean Elgoibarko Gaztelekua ere. Ostiralean, hilak 6, Iparralde ezagutu zuten eta larunbatean, berriz, Zizurkilgo Mintzola Ahozko Lantegia. Igandean, abenduak 8, egonaldia bukaerara iritsi zen eta parte hartzaile guztiak euren etxeetara bueltatu ziren.

 

  • Descripción foto 1
  • Descripción foto 2
  • Descripción foto 3
  • Descripción foto 4
  • Descripción foto 1

 

Orain, esperientzia amaiturik, nerabeak ikasitako guztia bere testuinguruetara zabaltzen ahaleginduko dira, baita bakoitzak dituen hizkuntza ohiturak aldatzea ere.

Erasmus Plus proiektua hobeto ezagutu nahi baduzu, hemen klikatu.