Gipuzkoan Gazte Tour 2021ek marka guztiak hautsi ditu

Aurtengo edizioa Arrasate, Zumarraga, Andoain, Hondarribia, Eibar eta Errenteriatik igaro da.

2022/01/13


Gipuzkoan Gazte Tour Gipuzkoako Foru Aldundiak beste hainbat eragile eta udalekin elkarlanean garatzen duen programa da, musika eta arte eszenikoen inguruan hainbat ekimen biltzen dituena. Bere helburu nagusia da 16 eta 25 urte bitarteko nerabe eta gazteei kultur programazio erakargarria eskaintzea, bide batez ikuskizunaren parte senti daitezen saiatuz.

2020an COVID-19aren pandemiak egitasmoa erdiz erdi jo eta bertan behera gelditu bazen ere, 2021eko edizioa indarberriturik bueltatu da eta lehen mailako artistak, tokiko artista gipuzkoarrak eta hainbat masterclass bildu ditu. Aurtengo Gipuzkoan Gazte Tour 6 herritan izan da: Arrasate, Zumarraga, Andoain, Hondarribia, Eibar eta Errenterian, hain zuzen ere. Eta honako artistek parte hartu dute: Anier, HardGZ, Shaolin Monkey, Foyone, Sofia Gabanna, Anne Lukin, Zetazen, Ainhoa Larrañaga, Green Valley, Chica Sobresalto, Dupla eta tokian tokiko artista gazteak.

 

Gipuzkoan Gazte Tour 2021

Lehenengo ekitaldia Arrasaten egin zen urriaren 2an eta hip-hopari buruzko masterclass batekin hasi zen. Ondoren, Denso, Tatta eta Mutiko tokiko artistek eman zioten hasiera kontzertuei eta bukatzeko, Hard GZ, Anier eta Shaolin Monkey artistak izan ziren.

Bigarren ekitaldia Zumarragan izan zen urriaren 16an. Grafiti-tailer interaktibo baten ostean, gazteek Foyone eta Sofia Gabanna artista sonatuez gozatzeko aukera izan zuten. Aurretik Dj Beniz eta Aigori artista gonbidatuen kontzertuak egon ziren.

Azaroaren 13an egin zen Andoainen hirugarren ekitaldia eta parkour-emanaldi ireki batekin hasi zen. Arratsaldean, Bastero Kulturgunean, kontzertuak egon ziren bertako EDU, Crutzero eta DJ Ander hirukotearen eta Miren eta Delaossa artisten eskutik.

Arrasaten, Zumarragan eta Andoainen 1.800 gazte baino gehiagoren parte-hartzea izan ondoren, azaroaren 27an egin zen Gipuzkoan Gazte Tourren laugarren jardunaldia Hondarribian. Goizean, gazteek K-POPari buruzko masterclass bat izan zuten. Arratsaldeko saioa berriz, Julene Iraola herriko artistak irekitako ikuskizunarekin hasi eta Aguraingo Dupla bikoteak eta Chica Sobresalto abeslari nafarrak emandako kontzertuek itxi zuten.

Abenduaren 11n Eibarren egin zen bosgarren ekitaldia. Goizean, gazteek aukera izan zuten ‘Fama a bailar’ programako Claudia Rierak emandako masterclass-ean parte hartzeko. Arratsaldean, Anne Lukin Iruñako artista eta Ainhoa Larrañaga hernaniarra izan ziren. Aurretik, Julen gazte eibartarrak jo zuen.

2021eko Gipuzkoan Gazte Tourren azken ekitaldia Errenterian egin zen abenduaren 19an. Goizean, grafiti-tailer interaktibo bat eta Dj Artie Escolar-ek emandako masterclass-a izan ziren. Arratsaldeko saioari Laina eta Dantzall Sound dj-ak eman zioten hasiera eta Zetazen eta Green Valley taldeek amaiera bikaina eman zioten.

 

 

Jarraitu gure sareak