Atzealdea

Haur eta nerabeen datuen eta irudien babesa

Gaztematika Sareak antolatuta, hezitzaileek datuen eta irudien babesari buruzko bi saio egin zituzten pasa den astean

2021·01·29


Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek sortutako Gaztematika Sare publikoak datuen eta irudien babesari buruzko bi saio antolatu zituen joan den astean hezitzaileentzat, Ion Turrillasen eskutik. Sare sozialekin lotutako erabilpenak ikuspegi juridikotik aztertzeaz gain, norberaren irudiari lotutako eskubide eta betebeharrak eta datuak babesteko araudiaren araberako datuen zilegizko erabilera landu ziren, besteak beste.  

 

Zuzenbideko lizentziaduna eta abokatu kolegiatua da Ion Turrillas. Informazioaren Segurtasuneko sektorean ezagutza handia du, bai esparru pribatuan, bai publikoan, eta Gipuzkoako eta Nafarroako tokiko entitate askori eskaini die laguntza, bai eta finantza sektoreko eta bestelako entitate askori ere. Auditoretza-, aholkularitza- eta prestakuntza-lanak ere egin ditu Turrillasek, informazioaren segurtasunaren arloko profesional gisa. BIANTIKeko kidea eta PRIBATUA informazioaren Pribatutasun eta Segurtasunerako Euskal Elkarteko lehendakariordea da duela bi hilabete baino gehiagotik. Gainera, 2015eko azarotik, Ion irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan.

 

Hasierako minutuetan, adingabeen datuen babesari buruzko legedia orokorra aipatu zuen Turrillasek, hainbat datu eskainiz horrela. Erregelamendu Europarraren arabera, datu pertsonalak 16 urtetik aurrera kudeatu daitezke. Dena den, Estatu bakoitzaren erabakia da adina 13 urtera arte jaistea. Espainiak, esaterako, 14 urtetan du muga eta, beraz, adin horretatik gorako nerabeek beraien onespena eman dezakete datu pertsonalak kudeatzeko.

 

Legedia orokorra eta termino orokor batzuk aipatu ostean, ekintza zehatzei erantzun bat ematen saiatu zen Turrillas. Hala, ekintza bakoitzean eskatu beharreko datuez mintzatu zen, besteak beste.

 

Erabiltzeko baldintzen gaia ere hartu zuen Turrillasek. Izan ere, sarritan, mugikorrean aplikazioren bat jaisten dugunean, Erabiltzeko Baldintzak irakurri gabe pasatzen ditugula aipatu zuen, luzeak eta ulertezinak izaten direlako sarritan, eta horren aurrean nerabeekin hizkuntza zuzena eta argia erabiltzeko garrantzia ere aipatu zuen.

 

Datu pertsonalen kategorizazio bat egin eta adingabeen errealitatea aipatu ostean, sare sozialen instituzionalizazioari buruz mintzatu zen, argi utziz administrazio publikoaren izenean dauden sare sozial guztiak identifikatuta egon behar dira.

 

Azkenik, adin txikikoen araudiarekin sartu zen Turrillas, haien irudia babestu egin behar baita beti.

 

Urtarrilak 28, Datuen Babesaren Eguna

 

Atzo, urtarrilak 28, Datuen Babesaren Europako Eguna ospatu zen. Egun hori Europako Batzordeak, Europako Kontseiluak eta Europar Batasuneko kide diren estatuetako Datuak Babesteko agintariek aldarrikatu dute, Interneten erabiltzaile diren aldetik eskubide eta betebeharrei buruz informatu eta kontzientziatzeko. Horrez gain, gure datu pertsonalak tratatzeak eta DBLOk (Datu Pertsonalen Lege Organikoak) duten garrantziaz jabearaztea da helburua, pertsona indibidualek nahiz enpresek gaiari garrantzia emanez, Estatuko edota Europako araudi desberdinek ezarritako legezko betebehar soila izan beharrean.

 

 

 

Jarraitu gure sareak