Atzealdea

Hausnartu: zenbat aldiz desblokeatzen duzu zure mugikorra egunean?

Aztertu zer-nolako hiritar digitala zaren gure sekuentzia didaktikoen bidez

2020·05·07


Koronabirusaren osasun-alertak eragindako berrogeialdiko lehendabiziko egunetan azterketa batzuek aurreikusten zuten adin txikikoak % 50 gehiago egongo zirela pantaila aurrean, ikastetxeak itxi eta etxean konfinatzearen ondorioz. Datuek, ordea, beste errealitate batera hurbildu gaituzte; izan ere, apirilean, adingabeen on line jarduera % 180 hazi da (Iturria: Qustodio).

 

Adituek ohartarazten dutenez, nahitaezko isolamendu-aldi honetan gailu teknologikoen gehiegizko erabilera kudeatu behar da. Haur txikien eta nerabeen gurasoei zuzendutako jarduera-gidek aholku ugari ematen dituzte egoera hauei aurre egiteko: errutinak eta ordutegiak ezartzea; adingabeen edukiak gainbegiratzea; gelan “bunkertzerik” ez izatea; asmamena sustatzea, sormen-jarduerak eta familia-giroko mahai-jokoak lehenestea; bideo-jokoen erabilera mugatzea, ariketa fisikoa egin dezaten eskatzea…

 

Gure aldetik gustatuko litzaiguke adingabeek zein gurasoek gogoeta egitea honi buruz, alegia, zuen denbora digitalari buruz egiten duzuen kudeaketaz. Horretarako, sekuentzia didaktiko hau burutzea proposatzen dizuegu. Bertan, zuen tendentzia eta ohitura digitaletako batzuk azter ditzakezue, adibidez: jakinarazpen bat jaso bezain laster begiratzen al diozu mugikorrari? Edo jarduera bat amaitu arte itxaron dezakezu hori egiteko? Bestalde, pentsatu al duzu zenbat aldiz desblokeatzen duzun mugikorra egun batean? Sekuentzia honen bitartez jakingo duzu zein eratako pertsona digitala zaren.

 

Horrelako jarduera gehiago egin nahi badituzue, bisitatu gure web-orriko baliabide digitalen atala: www.kulturadigitala.eus