Atzealdea

HITZegiten: bihar izango da ‘2030 Garapen Jasangarriko Helburuak haurrekin lotutako politiken akuilu’ topagunea

Azaroaren 17an egingo da ikasturte honetako lehenengo topagune hau eta bi saio izango ditu; arratsaldekoa irekita dago interesa duen edonorentzat.

2021·11·16


Haurren Eskubideen Hitzarmenaren Nazioarteko egunaren (azaroak 20) harira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak solasaldia antolatu du azaroaren 17an eztabaida eta sentsibilizaziorako espazio den HITZegiten topagunearen barnean, ‘2030 Garapen Jasangarriko Helburuak haurrekin lotutako politiken akuilu’ gaiaz hausnartzeko.

 

 

Garapen Jasangarriko 2030 Agendak ezarri dituen 17 helburuen artean, haurren ongizatea bermatzea da lehenetsitako bat. Hortaz, topaketa honek gai horren inguruko solasaldia planteatzea du helburu, hausnarketa galdera hauetatik bideratuz: Nola eragiten diete Garapen Jasangarriko Helburuek haurrei? Nola jokatu behar dute administrazioek eta beren politika publikoek pobreziaren, desberdintasunaren eta jasangarritasunaren aurkako borrokari haurren ikuspegitik eta eraginkortasunez erantzuteko? Zer egin behar da hartutako konpromisoak haurren arloko inbertsio eta politika hobeak bilaka daitezen?

Ohiko egiturari jarraiki, honako honetan ere, topaguneak bi solasaldi izango ditu, online eta gaztelaniaz izango direnak: lehenengoa, goizeko 10:00etatik 12:00etara egingo da Gaztematika sareko arduradun tekniko eta politikoekin; bigarrena, berriz, arratsaldeko 19:00etatik 20:30era izango da eta haurren beharrekin lotutako gaietan interesa duen pertsona ororentzat izango da. Izena eman HEMEN

Topagunean parte hartuko duen hizlaria María LaFuente Funes izango da, haurrekin lotutako politiketan aditua eta UNICEF Españaren Intzidentzia Politikoaren eta Ikerketen arloan 2030 Agendaren eta Garapenerako Lankidetzaren arduradun gisa diharduena. Maríaren lana da haurren eskubideak garapen jasangarrirako politika publikoetan modu egokian sartzen direla bermatzea. Maríak bideratutako solasaldia, bestalde, Joseba Zalakainek dinamizatuko du. Eguía Careaga Fundazioaren SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendaria da Joseba.

 

TREBA HITZegiten

HITZegiten Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak abian jarritako eztabaidarako eta sentsibilizaziorako topagunea da, haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloko arduradun politiko eta teknikoak eta gizartea bateratu nahi dituena. Topagune honek sustapenaren ikuspegitik haurren, nerabeen eta gazteen beharrei lotutako gaiez hausnartu nahi duen edonorentzat espazio bat sortzea du helburu.

Azaroaren 17an egingo den hau, ikasturte honetako lehen hitzordua izango da, baina hurrengo hilabeteetan beste bi aurreikusten dira: 2022ko martxoan eta maiatzean.

 

INFORMAZIO GEHIAGO

 

 

Jarraitu gure sareak