Atzealdea

Katapulta Tour Gipuzkoak deialdia ireki du

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak deialdi berri bat ireki du 2021ean Gipuzkoako lurraldean egingo den "Katapulta Tour Gipuzkoa" zirkuituan parte hartuko duten artistak hautatzeko.

2021·02·02


Katapulta Tour Gipuzkoa formatu txikiko musika eta arte eszenikoen zirkuitua da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak eta Kutxa Kulturak sustatua, Donostia Kulturarekin eta Buenawista Prolleckziom's-ekin lankidetzan.

 

Ekimenaren helburuak dira musika eta arte eszenikoen arloetako Gipuzkoako talentuen (batez ere gazteen) balioa nabarmentzea eta bultzatzea, eta Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzea, klubari eta antolatzaileei bultzada bat emanez. Harkaitz Millan Kultura diputatuak adierazi duenez, “lurraldeko arte- eta musika-proiektuei laguntzeko ekimen guztiak bultzatzeko unea” da hau, eta oraindik ere proposamen gehiago babesteko aukera dutela aipatu du, interesa duten sortzaileei dei eginez.

 

Deialdia artista profesional edo erdi-profesionalentzat da, beraien karrera musikaren eta arte eszenikoen esparruetan modu profesionalean garatzeko interesa dutenentzat. Besteak beste, musika estilo desberdinak lantzen dituzten taldeei, eta baita formatu txikiko arte eszenikoen proposamenak garatzen dituztenei ere, hala nola, mikro-antzerkia, bakarrizketak, performancea eta magia.

 

Aurkezten diren proiektuen artean, 6 proiektu hautatuko dira, honako irizpide hauen arabera: Gipuzkoan erroldatutako artistei eta 30 urtetik beherako artistei lehentasuna emango zaie, artisten kalitatea eta hauen ibilbidea eta proiekzioa baloratuko dira, eta hizkuntza eta genero eskaintzan oreka ezartzeko ahalegina egingo da. Hautatzen diren 6 proiektuek Gipuzkoan hiru emanaldi izateko aukera izango dute, baita egiten duten emanaldi bakoitzeko konpentsazio ekonomiko bat jasotzea eta proiektuaren promozio-bideo bat grabatzea ere.

 

Otsailaren 5a da izena emateko azken eguna.

 

Informazio gehiago eta izen ematea

 

 

 

Jarraitu gure sareak