Atzealdea

Maskararen erabileraz kontzientziatzeko gazteei zuzendutako kanpaina

Helburua gazteen aurrean distantzia sozial, maskara eta higieneko neurrien betebeharra azpimarratzea da

2020·08·10


 

Gizarte, kultura eta aisialdi-arloko erakundeetako gazteen ordezkariez osatutako Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzarekin batera, komunikazio- eta publizitate-kanpaina garrantzitsu bat abiarazi du abuztuan. Kanpainaren helburua da euskal gazteengana hurbiltzea (nagusiki sare sozialen bidez), higieneari, maskararen erabilerari eta urruntze sozialari lotutako neurri pertsonalek Covid-19ari aurre egiteko duten garrantziaren inguruko kontzientziazioa sendotzeko.

Kanpaina 20 eta 40 segundoko bi bideo animatutan oinarrituta dago, eta batez ere sare sozialetara bideratu da, #maskarabeti hashtag-a eta hizkuntza informala erabiliz. Osasun-krisi honetan guztion ahaleginaren beharra azpimarratzen dute ikus-entzunezkoek.

 “Guztion ahaleginari esker iritsi gara final handi honetara. Oraindik bigarren zati osoa geratzen da, eta, irabazteko, defentsa hertsia, zelai-erdi langilea eta aurrealde eraginkorra behar ditugu. Zure bizitzako finala irabazi nahi baduzu… distantzia, higienea eta maskara”, dio kanpainak.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Maialen Olaberen hitzetan: “Aurtengo udan garrantzitsuena burua erabiltzea eta gure gizarte-konpromisoa agertzen jarraitzea dela helarazi nahi dugu”.