Atzealdea Oraindik Gazteak Auzolanean diru-laguntzaz balia zaitezkete!

18-30 urte? Talde-proiektu bat martxan jarri nahi? Irailaren 30a arte duzue epea (ADI: data aldaketa, URRIAren 30a arte luzatu da!) Gazteak Auzolanean programaren bitartez garatzeko! Anima zaitezte eta parte hartu! Zuen egitasmoak 1.500-5.000 euroko diru-laguntza jaso dezake!

2020/09/07


 

Auzolanean-en inguruan gehiago ezagutu  + Izen eman online saioan  + Eskuorria Deskargatu

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako gazteei lagundu nahi die esku artean izan ditzaketen proposamenak errealitate bihurtzen. Horretarako zabaldu du Gazteak Auzolanean izeneko diru-laguntzen deialdia, irailaren 30a arte (ADI: data aldaketa, URRIAren 30a arte luzatu da!) irekita egongo dena.

 

Zer-nolako baldintzak bete behar dituzte proiektuek Gazteak Auzolanean programaren laguntza jasotzeko?

  • Gutxienez 3 pertsonaz -18 eta 30 urte bitartekoak- osatutako talde bat izatea.
  • Irabazi asmorik gabeko proiektua izatea.
  • Urtebetean garatzekoa.
  • Honako arlo hauetako batekoak edo batzuetakoak izatea:
    • Proiektu artistikoak edota kultural nahiz komunitarioak.
    • Ingurunearen zaintza eta jasangarritasuna aintzat hartzea.
    • Genero-berdintasunean, euskaran, kulturartekotasunean, elkartasunean eta beste alorretan oinarritutako gizarte edo komunitatea eraberritzeko proiektuak

 

Egitasmo bakoitzeko gehienez lor daitekeen diru-kopurua 5.000 eurokoa da, eta gutxienekoa 1.500 eurokoa. Aldundiak diru-laguntza hauetarako bideratuko duen kopuru osoa 20.000 eurokoa izango da aurten. Ez ezazue aukera galdu eta anima zaitezte zuen egitasmoak aurkeztera!

 

Irailaren 15ean - Online saioa, Gazteak Auzolanean hobeto ezagutzeko

 

Berrikuntza gisa, aurten, online saio bat antolatuko da “Gazteak Auzolanean” diru-laguntzak ezagutzera emateko. Horretarako, Jitsi Meet izeneko plataforma erabiliko da. Saioa irailaren 15ean izango da, 12:00etan, eta “Gazteak Auzolanean” diru-laguntzei buruzko informazioa emateaz gain, gazteen zalantzak eta kezkak argitzera bideratuta egongo da. Horretaz gain, aukera izango da aurreko deialdietako proiektu arrakastatsuak ezagutzeko.

 

Online saioan parte hartu nahi izanez gero, bete honako formularioa.