Atzealdea Otsailak 9: Internet Seguruaren nazioarteko Eguna #SID2021

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Interneten erabilera seguru baten alde egiten du, batez ere haur eta nerabeen artean.

2021/02/09


 

Internet Seguruaren Eguna, Safer internet Day (SID2021) INSAFE/INHOPE sareak Europako Batzordearen laguntzarekin sustatutako ekitaldia da. Urteak aurrera joan ahala, gertaera historiko bilakatu da segurtasun-egutegian; izan ere, bere eremu geografiko tradizionaletik harago hazi da, eta orain, munduko 170 herrialdetan ospatzen da. Sare sozialetan gertatzen den ziberjazarpenetik hasi eta identitate digitaleraino, urtero, sortzen ari diren gaiei eta gaur egungo kezkei buruz kontzientziatzea da Internet Seguruaren Egunaren helburua.

 

18. edizioa izango da aurtengoa, eta mundu osoan egingo diren hainbat ekintzen bidez ospatuko da. Aurreko urteetako lema bera erabilita, Elkarrekin Internet hobeago baten alde (“Together for a better internet”), mundu osoko herritarrak, batez ere haurrak eta gazteak, ekintzetan parte hartzera gonbidatzen dituzte, denon artean Internet leku seguru eta hobe bat bihurtzeko.

 

Kulturadigitala.eus webgunea: erabiltzaileentzako baliabideen atala

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak bat egiten du Internet Seguruaren Egunarekin, Sarearen erabilera seguru baten alde eginez, batez ere haur zein nerabeen artean. Ildo horretan, 2017. urtean hain zuzen, gaitasun digitalen garapena bultzatzeko beharraz jakitun, Aldundiak Kultura Digitala programa jarri zuen martxan (www.kulturadigitala.eus webgunearen bidez), alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeko, baina baita sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko ere.

 

Webguneak baliabideen atal bat du, halaber, guraso, hezitzaile zein profesionalentzat, kultura digitalaren arloan baliagarriak izan daitezkeen materialak bilduz, gaia adingabeekin lantzeko.

 

Aurten, gainera, pandemiaren eraginez, Interneten, eta horren ondorioz, sare sozialen erabilerak izugarri egin du gora, baita haur, nerabe eta gazteen artean ere. Hori horrela, sare sozialetan profil segurua izateko kontuan hartu beharreko bost aholku ematen dituen infografia sortu dugu.

 

INFOGRAFIA honetan "sare sozialetan profil segurua izateko 5 aholku" jaso ditugu:

 

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak