Atzealdea Sharenting-a, edo gurasoek seme-alaben argazkiak sare sozialetan partekatzea

Gai honen inguruan lau adituk duten iritzia jaso dugu

2019/11/20


Lau adituk hitz egin digute fenomeno honi buruz, eta guztiak bat datoz ondorio honetan: gurasoek ezingo diete seme-alabei Interneten argitaratu dezaketenaz edo argitaratu behar ez dutenaz ohartarazi, aldez aurretik sare sozialetan adingabeen argazkiak haien baimenik gabe argitaratzeko hutsegitea egin badute.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak abian jarri du, bigarren urtez, #Likezibereskubideei kanpaina, lurraldeko haur, nerabe eta gazteak Sarean dituzten eskubide eta betebeharrei buruz sentsibilizatzeko. Iaz kanpaina eskubide eta betebehar horietan oinarritu bazen ere, bigarren urte honetako ardatza sharenting-aren fenomenoa izango da: gurasoek sare sozialetan beren seme-alaben argazkiak, bideoak edota bestelako informazioa argitaratzeari dagokiona. Kanpainaren asmoa da jokabide horrek berekin dakartzan arriskuei buruz sentsibilizatzea, batez ere adingabeen etorkizunerako.

 

 

Horretarako, gaian adituak diren hainbat pertsonarekin hitz egin dugu, jarduera-eremu desberdinetatik fenomeno eztabaidagarri honi buruz duten iritzia ezagutzeko.

CHARO SÁDABA /Komunikazioan doktoreak (Nafarroako Unibertsitatea)

Bere irakasle- eta ikertzaile-jardunarekin batera dibulgazio-lan handia burutzen du ingurune digitaleko haurren eta nerabeen arloan; eta hausnarketa bat planteatu digu abiapuntu moduan:

“Guraso garen aldetik, partekatu al ditzakegu era horretako edukiak gure senide, adiskide eta ezagunekin?

 

Bai, jakina, neurri batean arrazoizkoa izan daiteke gure seme-alabekin oso harro egoteagatik beste batzuekin partekatu nahi izatea. Baina hori egitean, zerbaitek kezkatu behar gaitu?

 

Zalantzarik gabe, gauza asko hartu behar ditugu kontuan. Baina garrantzitsuena da gurasoak jabetzea, seme-alabak adinez txiki diren bitartean, beraiek direla haien eskubideen tutore eta, beraz, horri dagokionez errespetu handiz jokatu behar dutela”.

LETICIA GARCÉS / Pedagogoa

 

Iritzi berekoa da Leticia Garcés pedagogoa, besteak beste, “Padres Formados” (Guraso prestatuak) edo “Educar sin miedo” (Beldurrik gabe hezi) egitasmoen arduraduna.

 

Bere ustez, “seme edo alaba bati bere baimenik gabe argazkia ateratzen zaionean, norberak erabiltzeko bada, ez dago arazorik.

 

Baina baimenik eskatzen ez bazaio eta, gainera, irudi hori Interneten partekatzen bada, hor ez da bere intimitatea aintzat hartu eta irudi horiek ikusgai egongo dira Sarean.

 

Horrek guztiak ondorioak ekar diezazkieke etorkizunean eta, are gehiago, egoera estu edo konprometituetan agertzen badira”.

 

Izan ere, txosten askok ezbaian jartzen dituzte gurasoek burutzen dituzten praktika txar horiek eta Interneten adinez txikien argazkiak argitaratzeak dituen arriskuak.

 

Hala, Michigan eta San Frantziscoko unibertsitateen azterketa batek (“Not at the dinner table: parents and children’s perspectives on family technology rules”) dioenez, gurasoen % 56ek lotsagarria izan daitekeen seme-alabei buruzko informazioa partekatzen du, % 51k kokatzeko balio duten datuak ematen ditu, eta % 27k zuzenean desegokiak diren argazkiak igotzen ditu.

 

Jada aipatutako pribatutasun- eta intimitate-falta horrez gain, praktika txar horiek beste era bateko arriskuak dakartzate teknologia berrien erabilera desegokiaren ondorioz, esate baterako, ziberbullying edo ziberjazarpena –jazarpen psikologikoa‑, grooming-a –heldu bat, sexu-abusu bat egiteko asmoz, adinez txiki bat seduzitzen saiatzea‑ edo identitatea ordeztea –helburu publizitario edo sexualetarako‑.

 

Leticia Garcésen hitzetan, “sare sozialak zoragarriak dira, pertsonekin partekatu, elkarreraginean aritu eta elkar ezagutzeko aukera ematen digute, baina beste edozein baliabide teknologiko bezala, ondo erabiltzen jakin behar da.

 

Sharenting-a helduen artean zabalduta dagoen praktika arduragabe baten parte da. Izan ere, orokorrean, etengabe partekatzen dituzte beren irudiak sare sozialetan, besteek ikustea nahi duten zorion guztia proiektatuz.

 

Gurasoek testuinguru horretan uste dute, nolabait, seme-alabei egiten dizkieten argazkiak beraienak direla.

 

Aztertu egin behar da zergatik dagoen dena jende guztiarekin partekatzeko behar hori eta, are gehiago, hori egitean zuzenean adinez txikiak ukitzen ditugunean”. Pedagogo honen ustez, hortik hasi behar dugu gurasoak kontzientziatzen.

 

MARIA ZABALA/ Hezkuntza digitalean aditua

Alde horretatik, hezkuntza digitalean espezializatutako kazetari María Zabalak (Iwomanish) argi du “sare sozialak gure istorioa kontatzeko pentsatuta daudela, ez besteenak.

 

Naturala izan daiteke, guraso izateagatik, gure esperientzia nolakoa den erakutsi nahi izatea. Horrek, ordea, ez du esan nahi seme-alaben irudiak erabili behar ditugunik. Badira beste modu batzuk”.

 

MARIA JESÚS COMELLAS /Psikologia irakasleta eta doktoreak

 

Bestalde, María Jesús Comellas-ek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Psikologiako irakasle eta doktoreak, kritikatu egiten ditu jokabide horiek.

 

Bere hitzetan, “haurrei eta nerabeei ezin zaie eskatu zentzuz jokatzeko, urtetan helduek gero debekatzen duten hori egin badute; beren uste okerrean, ondorioak kontrolatuta dituztelako eta adinez txikiek, aldiz, ezingo dutelako. Garbi dago inkoherentzia erabatekoa dela.

Zergatik hitz egiten da batez ere sareetan nolabaiteko argazki intimo edo deigarriak jartzen dituzten nerabeen eta gazteen praktikez, azken batean, txiki-txikiak zirenetik beren helduek egin duten gauza bera bada?

 

Psikologoak horri buruz dio “nekez eutsi dakiokeela familiaren sinesgarritasunari, arriskuak erakusten dituzten talde profesionalen informazioari jaramonik egiten ez dion lehen erakundea denean.

 

Eta arrisku horiek dira: arauak ez betetzea, produktu jakin batzuk ez kontsumitzea, jarduera arriskutsuak edo praktika desegokiak”.

 

Charo Sádabaren iritziz, “gurasoek kontuan hartu behar dute, sare sozialetan zerbait argitaratzeak eman dezakeen pozaz gain, epe luzera begiratuz, argitaratutako eduki hori beren seme-alabentzat egoera deseroso edo kaltegarria izan daitekeen edo ez”.

 

Horregatik aholkatzen die “argitaratu aurretik, pentsatu” araua barneratzea.

Eta gehiago zehazten du: “Pentsatu, zer argitaratuko den, gure seme edo alaba zein testuingurutan agertzen den, nola ulertuko den, irudia nork jasoko duen… zerbait pertsona-talde txiki batekin bakarrik partekatu nahi dugula garbi badugu, agian sare sozialak ez dira izango horretarako biderik egokiena”.

 

Jarraitu ezazu kanpaina sare sozialetan: #likezibereskubideak2019 traolan

 

Gehiago ikusi: