Atzealdea

Solasa eta espiritu kritikoa sustatzeko materialak

Guraso, hezitzaile zein profesionalentzat kultura digitalaren arloan baliagarriak izan daitezkeen materialak eskuragarri jarri ditugu kulturadigitala.eus webgunean

2020·07·06


Ukaezina da azken hilabeteetan itxialdia arintzeko, teknologia eta sare sozialen erabilerak gora egin duela. Eguneroko bizitzan ohiko bihurtu dira Instagram, Twitter, Facebook eta traolak. Sare sozialetan, komunikazio-bide bat aurkitu dugu, laguntzeko gune bat, istorioak partekatzeko eta koronabirusak sortutako egoerari umorez aurre egiteko toki bat ere bai.

 

Ekainaren 30ean sare sozialen eguna ospatzen zela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteen sare sozialen erabilerari buruzko datu batzuk plazaratu ditu. Ikerketa 2018ko azaro eta abendu artean Euskadi osoan egindako inkestetan oinarrituta dago. Guztira, 15 eta 29 urte bitarteko 1.512 gazteri egin zitzaien elkarrizketa telefonoz.

 

Euskadiko gazteak eta sare sozialak izeneko ikerketaren emaitzen arabera, sare sozialak gazteen eguneroko bizitzaren zati garrantzitsua dira. Gazte askok ohetik altxatzean egiten duten lehenengo gauza da sare sozialetara konektatzea, eta sarean aritzea oheratzean egiten duten azkena.

 

Txostenean jasota dagoenez, gazteek gehien erabiltzen dituzten sare sozialak Instagram eta Youtube dira, eta atzetik zetozen Facebook, Twitter, eta lana bilatzeko sareak (Linkedin, Infojobs, Indeed…) baita Snapchat ere. Adinaren arabera ikus daiteke adinean gora egitean jaisten dela egunero Instagram, Youtube, Snapchat eta TikTok erabiltzen dituztenen ehunekoak, baina handitzen dela Facebook, Twitter eta lana bilatzeko sareak erabiltzen dituztenena.

 

Salbuespen-egoera honek teknologiarekin genuen harremana aldatu du: komunikazio digitala ezinbestekoa bihurtu da eta itxialdi aurreko rolak indartu eta sakondu dira. Horren aurrean helduok zenbaitetan galduta senti gaitezke. Horri erantzuteko, kulturadigitala.eus webgunean kultura digitalaren gaia adingabeekin lantzeko zenbait material aurkituko dituzu.

 

Guraso, profesional zein hezitzaileek erabiltzeko dira, eta abagune ona eskaintzen dute adingabeekin gaur-gaurkoak diren Sareari buruzko zenbait alderdi lantzeko. Solasa eta espiritu kritikoa sustatzeko aukera paregabea!