TREBA gazteak programak 9,1 puntuko gogobetetzea izan du gazteen artean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren programak, aurrez aurreko formatua berreskuratu eta aurreko ikastaroaren eskaintza bikoiztu du

2022/07/14


TREBA gazteak 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako prestakuntza-proiektua da, haien ahalduntze eta emantzipazio-prozesuan laguntzeko prestatuta dago. Hitzaldi- eta tailer-formatuko pilula txikien bidez, gazteek osasun mentala, adimen emozionala, sexualitatea, gorputzen gaineko presioa edo zeharkako gaitasunaren gaiak landu dituzte, besteak beste.

Ikasturte honetan, 9 hitzaldi eta tailer egin dira urritik maiatzera, eta TREBA gazteak-ek bere jatorrizko formatua berreskuratu du: aurrez aurrekoa. Iaz ikastaro gehienak online egin ziren COVIDak sortutako egoeragatik. 

Aurreko edizioarekin alderatuta, bi izan dira berezitasunak: batetik, hainbat udalekin izan den elkarlanak ahalbidetu du Gipuzkoako 4 udalerritan hitzaldiak gauzatzea (Donostian, Zegaman, Elgoibarren eta Legazpin) eta, bestetik, inoiz baino hitzaldi eta tailer gehiago eskaini dira.

Programan parte hartu duten gazteek oso balorazio ona egin dute, 9,1eko gogobetetze-maila izan du batezbesteko. Gaurkotasun handiko gaiak modu ez formalean lantzeko aukera izatea nabarmendu eta eskertu dute eta, etorkizunera begira, denbora gehiago eskatu dute gaietan sakontzeko.
Udalek ere oso positiboki baloratu dute TREBA gazteak saioak gauzatu ahal izateko Aldundiarekin izandako elkarlana. 

Gazteen beharrei egokitutako eskaintza

Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gaztegune Plus zerbitzutik abiatu zuen programa hau, gazteen iritzia eta premiak kontuan hartuta. Horretarako, «focus group» metodologiaren bitartez eta hainbat profiletako 50 gazte gipuzkoar baino gehiagorekin batera, programaren prestakuntza-eskaintza antolatu zen.

TREBA gazteak programaren ardatza gazteen emantzipazio, garapen eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortzea eta sendotzea izan da. Gazteek aitortu dute hutsune edo gabezia nabarmenak dituztela funtsezkoak diren hainbat gaitasunetan. Eta horixe da, hain zuzen ere, baliabide horrek bere hitzaldi eta tailerren bidez aldatu nahi duena.

TREBA Gazteak tailer eta hitzaldiak TREBA proiektuaren barruan sartzen dira: horren baitan prestakuntza-jarduera ezberdinak antolatzen dira 4 arlotan bereizitako hartzaile anitzentzat: TREBA gazteak, TREBA gurasoak, TREBA profesionalak eta Hitz Egiten (profesionalentzat eta jende guztiarentzat).
 

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak