Atzealdea

TREBAgazteak. Ireki da “Osasun mentala: zeure burua ulertzen ikasi” tailerrean izena emateko epea.

Tailerra aurrez aurrekoa izango da, Zegaman, datorren urriaren 22an. 18-30 urteko gazteentzako doako ikastaroa da, formatu laburrekoa.

2021·10·14


Edertasun-kanonei buruzko trebakuntza-jarduera amaitu ondoren, zabaldu dute TREBAgazteak programako bigarren ikastarorako izen-ematea. Autoezagutzari eta onarpen pertsonalari buruzkoa da hau eta osasun mental on baterako giltza izan nahi du.

3 orduko aurrez aurreko tailerra izango da eta hainbat dinamika landuko dira bertan. Trebatzailea Ainhoa Urretagoiena da, Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua eta Coaching teknikak lantzen 10 urte inguru daramatzana. Azken urteotan, pertsona eta taldeen eraldaketen ahalbideratzaile gisa ari da.

Bere ustetan, osasun mentalari buruzko lanketa egitea gazteentzat lagungarria izan daiteke ingurukoekin harremanak hobetzeko eta zailtasunen aurrean erresiliente izateko; baita maila pertsonalean eta profesionalean dituzten helburuak lortzeko ere.

Geure burua hobeto ezagutzea geure argi-ilunak onartzea dela dio, gainera. Eta kontzientzia hori areagotzea da aldaketarako eta ongizaterako bidean eman beharreko lehen pausoa. Betirako ondoan izan behar dugun pertsona gu geu gara eta, beraz, egunero praktikatu behar dugu autozaintza.

Gazteen osasun mentala bermatzeko gakoei buruz galdetuta, honakoak nabarmendu ditu: lanketa eta garapen pertsonalean inbertitzea, familia eta lagunen babesa, gustuko dituzten ikasketa eta lanak aukeratzea; baita maila kolektiboan konpromisoak hartzea ere.

 

Tailerra euskaraz izango da eta izena emateko epea urriaren 20an amaituko da.

 

 

Datak: Urriak 22, 17:30-20:30

Lekua: Zegamako kultura-etxea

Formatua: Aurrez aurre

Hizkuntza: Euskaraz

Iraupena: 3 ordu

Erakundea: Zegamako Udala

Hartzaileak: 18-30 urte bitarteko Gipuzkoako gazteak.

Trebatzailea: Ainhoa Urretagoiena  

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak