Zetazen eta Green Valley Errenterian egingo den Gipuzkoan Gazte Tour programaren azken saioko kartelburu izango dira

#GipuzkoanGazteTour2021 programak azken ekitaldia izango du Errenterian abenduaren 19an.

2021/12/09


Arrasate, Zumarraga, Andoain eta Hondarribiko jardunaldien arrakastaren eta Eibarren egitekoa den saioaren ondoren, #GipuzkoanGazteTour2021 programak azken ekitaldia izango du Errenterian abenduaren 19an. Gipuzkoan Gazte Tour musikaren eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera biltzen dituen programa bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak hainbat udalekin lankidetzan antolatzen duena.

Isaac Palencia Gazteriako zuzendariak azaldu duenez, «GipuzkoanGazteTour2021 programa iritsi da azken txanpara; abenduaren 19an izango du azken ekitaldia Errenterian; bertan, artista ezagunak eta herriko artistak uztartzen dituen egitaraua eskainiko da, horrela, udalerrian dugun talentua sustatzeko. #GipuzkoanGazteTour2021 programa arrakasta handia izaten ari da, 2.000 gaztek baino gehiagok hartu baitute parte lehenengo lau hitzorduetan, eta Errenteriako azken hitzorduan ere bide beretik joatea espero dugu».

Gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Gazte Tour foru programaren azken jardunaldia. Errenterian izango da, abenduaren 19an, Lekuona Kultur Etxean. Isaac Palentzia Gazteriako foru zuzendaria eta Xabier Sanchez, Errenteriako Gazteriako zinegotzia izan dira aurkezpenean.

Gipuzkoan Gazte Tour programaren aurtengo edizioak aurrera jarraitzen du. 2020an COVID-19aren pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, aurten berriz abian jarri da Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak hainbat udalekin elkarlanean 12 eta 25 urte bitarteko gazteentzako antolatutako aisialdi aktibo eta parte hartzaileko kultur zirkuitu hau.

Arrasate, Zumarraga eta Andoain eta Hondarribiko saioetan 2.000 gazte baino gehiagoren parte hartzearekin egindako saioen ondoren Errenterian egingo da Gipuzkoan Gazte Tour programako seigarren jardunaldia. Kartela askotarikoa da, eta aldez aurretik aztertu eta elkarbanatu da sare sozialen bidez, herriko gazteen gustuak bertatik bertara ezagutzeko. Saio bakoitzean lehen mailako artistak daude, masterclass berriak, eta baita herriko talentu gazteen erakustaldiak ere.    

Informazio gehiago

 

Jarraitu gure sareak