Osasuna

 

Osasunari dagokionez, Gipuzkoako HNen gogobetetze-maila, batez beste, 10etik 8,9 puntukoa da 2025ean. Batez besteko gogobetetze hori bi itemetan oinarrituta kalkulatzen da: norberaren osasunaren balioespena eta norberaren gorputzarekiko gogobetetasuna. Zehazki, osasunarekiko gogobetetasuna egonkor mantentzen da aurreko edizioarekin alderatuta, 9,2ko batez besteko puntuazioarekin bai 2022an bai 2025ean. Bestalde, norberaren gorputzarekiko gogobetetzeak bilakaera positiboa izan du, 2022an 8,3 puntu izatetik 2025ean 8,7 puntu izatera igaro baita.

Inkestatutako pertsonen % 83,9 oso pozik dago bere osasunarekin eta % 77,4 bere gorputzarekin. Nesken eta mutilen arteko alderik handiena norberaren gorputzarekin lotuta dago (nesken % 72,9 eta mutilen % 82,4 oso pozik daude). Ondoeza bereziki kalteberatasun sozioekonomiko handiagoko egoeretan kontzentratzen da: % 14,7ra iristen da ahultasun handia duten HNen artean, eta % 3,5era egoera horretan ez daudenen taldean. Norberaren gorputzarekiko gogobetetzeari dagokionez, ondoeza % 22,8koa da, osotasunaren ia bikoitza (% 12,6) eta kaltebera ez den taldea baino askoz handiagoa (% 9,5). Norberaren gorputzari dagokionez, profilaren arabera, guraso bakarreko familietan bizi direnak (% 21,8) eta 12-14 urteko nerabeak (% 19,3) nabarmentzen dira, eta etapa hori gorputz-irudiarekiko harremanean bereziki sentikorra dela baieztatzen dute.

Zein maiztasunez sentitzen dute bakardadea?

Lehen aldiz, inkestak HNen arteko bakardadearen esperientziari buruzko galdera espezifiko bat jasotzen du. Emaitzek erakusten dute fenomeno hori oso zabalduta dagoela: HNen ia erdia sentitu da noizbait (% 48,5), eta % 11,4k, berriz, maiz (sarritan, oso maiz edo beti) horrela sentitu izana adierazten du.

Sexuaren arabera, alde handiak daude. Neskek presentzia handiagoa dute bakardade-maila guztietan. Eta adinaren arabera, nerabezaroak intentsitate handiagoa du berriz ere. Profilen araberako analisiak erakusten du bakardadea kolektibo jakin batzuetan kontzentratzen dela, bereziki jatorriarekin eta kalteberatasun sozioekonomikoarekin lotuta.

Internet eta mugikorraren erabilera

Lehen aldiz, inkestak galdera espezifiko bat gehitu du, 10-14 urteko HNeen pantailen erabilera problematikoari buruzkoa, konektatuta daudenean Internet edo telefono mugikorra erabiltzeari uzteko duten zailtasunean oinarrituta. Alderdi hori garrantzitsua da osasunaren eta ongizatearen ikuspegitik; izan ere, gailu digitalen gehiegizkoa edo kontrolatzen zaila den erabilera mendekotasun-arriskuekin, atseden-arazoekin, kontzentrazio-zailtasunekin edo ondoez emozionalarekin lotu daiteke.

Hamar HNtik ia hiruk (% 29,6) adierazi dute nahiko edo erabat ados daudela Internet edo mugikorra erabiltzeari uztea zaila egiten zaiela esatearekin. Deskonektatzeko zailtasuna handiagoa da mutilen artean (% 33,7) nesken artean baino (% 25,3); aitzitik, bere burua neska edo mutil gisa identifikatzen ez duen taldeak ditu ehunekorik handienak (% 36,3), eta handitu egiten da nerabezaroan.

Halaber, azterketak baieztatzen du lotura argia eta progresiboa dagoela bakardadearen maiztasunaren eta Internet edo mugikorra erabiltzeari uzteko zailtasunaren artean. Interneten eta mugikorraren erabilera problematikoa ere argi eta garbi biltzen da kalteberatasun handiena duten profiletan. Bereziki nabarmentzen dira eguneroko jarduerak egiteko zailtasunak dituzten HNak, horien artean % 38,9k arazo dezente edo asko dituztela adierazten dutenak, baita egoera sozioekonomiko altuan daudenak ere, ehuneko hori % 41,8ra igotzen baita, batez bestekoaren oso gainetik.