Atzealdea Gipuzkoak aurrerapauso bat eman du elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokan

2024·05·13


Gipuzkoak aurrerapauso bat eman du elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Gipuzkoako Elikagai Bankuak hitzarmen bat sinatu dute, elikagaiak biltzeko eta Gipuzkoako kolektibo behartsuenen artean banatzeko eta lurraldean alferrik galtzen den elikagai kopurua murrizteko.

Horretarako, Jasangarritasun Departamentuak 250.000 euro bideratuko ditu guztira.

José Ignacio Asensio: “Galera ekonomikoez eta ingurumen-inpaktuaz gain, elikagaiak xahutzea erronka sozial handia da. Gizarte-desberdintasunak larriagotzen dituen problematika. Horregatik, inoiz baino funtsezkoagoa da elikagaiak xahutzea prebenitzeko eta murrizteko beharrezkoak diren tresnak artikulatzea, horrek, ezinbestean, gizarte-maila ahulenei eragiten baitie. Inperatibo moral bat da mundu bidezkoago eta berdinzaleago bat eraikitzeko”.

Belén Méndez de Vigo: “Foru Aldundiarekin lankidetzan, urtean 1.000 tona elikagai baino gehiago biltzen ditugu, banatzen ditugun elikagai guztien herena baino zertxobait gehiago. Kopuruez haratago, asko estimatzen dugu hitzarmen hau, Jasangarritasun Departamentuarekin lankidetza sendotzen duelako eta gure misioaren ardatzari erantzuten diolako: gizarteari zerbitzu bat ematea, bai ingurumena hobetzeko, bai pertsona ahulei laguntzeko”.

Jasangarritasun diputatu José Ignacio Asensiok eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidente Belén Méndez de Vigok lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoan elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borroka indartzeko. Lehen mailako arazoa da, eta zuzenean eragiten die gipuzkoarrei; izan ere, kalkulatzen da lurraldean urtean 123.000 tona elikagai xahutzen direla, horrek dakartzan ondorio ekonomiko eta ingurumenekoekin.

Horretarako, eta elikagaiak alferrik galtzeari aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 250.000 euro erabiliko ditu, guztira, Gipuzkoako Elikagai Bankuak elikagaiak biltzeko, garraiatzeko, biltegiratzeko eta banatzeko behar dituen gastuak ordaintzeko, bai eta egungo sarea mantentzeko ere.

Hitzarmen horrek berretsi egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Elikagai Bankuak jardunbide jasangarriak sustatzeko eta Gipuzkoako herritar guztiek elikagaiak ekitatez eskuratzeko duten konpromisoa. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren (GHHKPO 2019-2030) konpromiso estrategikoekin bat datorren akordio bat, non nabarmentzen baita elikagaien xahuketa prebenitzea dela ekimen honen funtsezko zutabeetako bat.

Horri dagokionez, Jasangarritasun diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “galera ekonomikoez eta ingurumen-inpaktuaz gain, elikagaiak xahutzea erronka sozial handia da. Gizarte-desberdintasunak larriagotzen dituen problematika. Horregatik, inoiz baino funtsezkoa da elikagaiak xahutzea prebenitzeko eta murrizteko beharrezkoak diren tresnak artikulatzea, horrek, ezinbestean, gizarte-maila ahulenei eragiten baitie. Inperatibo moral bat da mundu bidezkoago eta berdinzaleago bat eraikitzeko”.

Era berean, Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidente Belén Méndez de Vigok nabarmendu duenez, “Foru Aldundiarekin lankidetzan, urtean 1.000 tona elikagai baino gehiago biltzen ditugu, banatzen ditugun elikagai guztien herena baino zertxobait gehiago. Kopuruez haratago, asko estimatzen dugu hitzarmen hau, Jasangarritasun Departamentuarekin lankidetza sendotzen duelako eta gure misioaren ardatzari erantzuten diolako: gizarteari zerbitzu bat ematea, bai ingurumena hobetzeko, bai pertsona ahulei laguntzeko”.

Gipuzkoako Elikagai Bankuaren eta Foru Aldundiaren arteko lankidetza emankorrari esker, urtez urte elikagai kopuru handiak bildu ahal izan dira egoera ahulean dauden kolektiboen artean banatzeko, bestela hondakin gisa kudeatuko liratekeenak. Lankidetza horri esker, azken urteotan 1.000 tona elikagai urtean inguru jaso eta banatu dira, hau da, Gipuzkoako Elikagai Bankuak jasotzen dituen elikagaien % 35 inguru eta Elikagai Bankuko onuradun guztien % 29ri laguntzen diote, kontsumo-erakundeen eta jantoki sozialen bidez. Horrela, Gipuzkoako familia askoren beharrak arintzeaz gain, erabat kontsumigarriak diren elikagaiak hondakin gisa kudeatzea saihesten da, eta hondakinen hierarkiaren lehen mailari balioa ematen zaio, prebentzioari.

Era berean, elikagaien sektoreko enpresak elikagaiak ematearen alde lan egiten duten erakundeen taldean sartzen joan dira, eta, lankidetza emankor horri esker, partikularrengandik zuzenean jasotako bilketei, Europako Laguntza Funtsaren eta FEGAren ekarpenei esker, urtero 2.500 tona elikagai baino gehiago jasotzen dira, batez beste, programa horien barruan. 2021ean 2.783 tona banatu ziren, 2022an 2.509 eta 2023an 2.801.

Europar Batasunean 88 milioi tona elikagai jangarri inguru alferrik galtzen dira, eta, horregatik, elikagaien alferrik galtzea eta elikagaien segurtasuna hobetzea proposatu da, hemendik 2030era kopuru hori erdira murrizteko neurriak proposatuz.

Donostia, 2024ko maiatzaren 13a