Trienekens, Alemaniako hondakinen kudeaketan erreferentzia den enpresa, Gipuzkoako ereduan interesa adierazi du

2022·09·30


Trienekens, Alemaniako hondakinen kudeaketan erreferentzia den enpresa, Gipuzkoako ereduan interesa adierazi du

Ingurumeneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari José Ignacio Asensiok eta GHK-ko zuzendari César Gimenok Trienekens enpresaren ordezkaritzaren bisita izan dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian; bertan izan dira Nazioarteko Trienekenseko presidente exekutibo Joachim Donrös, Trienekens Espainiako zuzendari nagusi Pedro Altamira, eta Trienekens Euskadiko zuzendari nagusi Pedro Goikoetxea. Ondoren, Triekenseko kideek Gipuzkoako Ingurumen Gunea bisitatu dute, bertako instalazioak eta Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko sistema ezagutzeko.

Trienekenseko ordezkariek hurbiletik ezagutu nahi izan dute Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko erabiltzen dugun sistema, birziklatze tasa % 55era iristea lortu baitugu, estatuko batez bestekoa (% 34) 20 puntu baino gehiago gaindituta.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, ´made in Gipuzkoa´ ereduak lurraldean sortzen diren hiri hondakinak zabortegirik gabe kudeatzeko eta Europak ezarritako helburuak lortzeko aukera ematen du. 2021ean lortutako emaitzak ditugu horren adibide. Urte horretan, pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera, birziklatze tasa % 55etik gorakoa izan zen, eta gaikako bilketak % 60ko langa gainditu zuen lehen aldiz. Asensiok azaldu duenez, Gipuzkoako ereduaren arrakastaren gakoak dira anbizioz diseinatutako plan bat duela oinarri (Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra), hondakinen bilketa udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan kudeatzen dela, edukiontzien sistemaren bidez, hiri hondakinen % 100 tratatzeko eta "0 isurketa" sistema bati eusteko diseinatutako azpiegituren programa ardatz hartuta, eta kontzientziazio maila handia duten eta prozesu horretan aktiboki parte hartu duten herritarrak daudela atzean. GHHKPOren helburua da 2030. urtean Gipuzkoan hondakinen % 70 birziklatzea, Europako helburua, % 65ekoa, 5 puntutan gaindituta.

Trienekens Alemaniako multinazional bat da eta, gaur egun, GHKren Urnietako ontzien instalazioa kudeatzen du, San Marko eta Txingudiko mankomunitateei zerbitzua ematen diena, Gipuzkoako lurraldeko ontzien bilketa beharrari erantzunez; 2021ean, % 76,94ra iritsi zen. Era berean, nabarmendu behar da Urnietako instalazioetan 14.000 tona ontzi baino gehiago tratatu zirela iaz.  

Multinazionala mundu osoan da ezaguna, aitzindaria baita hondakinen kudeaketa integralaren arloan, eta 100 urte baino gehiagoko esperientzia du jarduera horretan. Espezializatuta daude hondakinak tratatzeko industria instalazioen diseinuan, garapenean eta kudeaketan, eta esperientzia handia dute etxeko ontziak sailkatzeko instalazioetan.

Donostia, 2022ko irailaren 29a