Atzealdea

Ingurumeneko Departamentuak 400.000 euro jarriko ditu Gipuzkoako jasangarritasun energetikoko estrategia bultzatzeko

Zortzi garapen agentziek, Gipuzkoako 89 udalerritik 81 ordezkatzen dituztenak, pobrezia energetikoari aurre egiteko, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta energia berriztagarrien erabileran aurrera egiteko plangintzak eta ekintzak garatuko dituzte. José Ignacio Asensio: “Energiaren ikuspegi sozialerantz aurrera egitea beharrezkoa da, pertsonak erdigunean kokatuz eta herritarrengandik gertuen dauden erakundeak kontuan hartuz”.

2019·04·04


Ingurumeneko Departamentuak 400.000 euro jarriko ditu Gipuzkoako jasangarritasun energetikoko estrategia bultzatzeko

Ingurumeneko Departamentuak 400.000 euro jarriko ditu Gipuzkoako pobrezia energetikoari aurre egiteko eta eskualdeetan eredu energetiko jasangarriagoa sustatzeko. Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok lankidetza hitzarmena sinatu du  Debabarrena, Oarsoaldea, Tolosaldea, Urola Erdia, Goierri, Urola Garaia, Debagoiena eta Beterri-Buruntzarekin, eskualde horietan energia planak sustatzeko. Nabarmentzekoa da bi eskualde berrien batzea, Debagoiena eta Beterri-Buruntza, hain zuzen. Hortaz, dagoeneko 8 dira energia planak dituzten eskualdeak, Gipuzkoako 89 udalerritatik 81ek, han zuzen.

 

Eskualde bakoitzak 50.000 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du. Ingurumeneko Departamentuaren helburua da legealdiaren bukaeran Gipuzkoako eskualde bakoitzak bere energia plana edukitzea, lurraldearen jasangarritasun energetikorantz aurrera egiteko. Beraz, Ingurumeneko Departamentuak 400.000 euro bideratzen ditu eredu energetiko jasangarri bateranzko aldaketa sustatzeko Gipuzkoako eskualdeetan, GK 2050 klima aldaketari aurre egiteko estrategiarekin lerrokatua. Hortaz, 8 dira energia plana duten Gipuzkoako eskualdeak, orain erronka Txingudi eta Urola Kostako eskualdeak eta Donostiako hiria barneratzea da.

 

Garapen agentziek gauzatutako ekintzak hiru jarduketa esparru hauetan oinarritzen dira: lehena, sentsibilizazioa, prestakuntza eta komunikazioa herritarrentzat, oro har, eta beste kolektibo batzuentzat, bereziki (etxeak, enpresak eta dendak). Esparru honetan, nabarmentzekoa da 50/50 proiektua; Tolosaldea, Oarsoaldea, Urola Garaia eta Urola Erdiko eskualdeak garatzen ari diren ekimena, eta helburu duena eskolek kontsumo energetikoaren inguruan kontzientzia hartzea, aurrezte neurriak eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko.

Bigarren ekintza-esparrua pobrezia energetikoarena da, diagnostikoa eta neurri zuzentzaile txikiak ezarriz. Honi buruz, batu berri den Beterri-Buruntzako eskualde agentziak, pobrezia energetikoaren inguruko diagnostikoa egingo du eta Urola Erdia eta Oarsoaldeak energia arloko heziketa programak egingo ditu gizarte zerbitzuetako udal teknikariei zuzenduak.

Amaitzeko, hirugarren ekintza esparrua eraginkortasun energetikoarena eta energia berritzaileak sustatzeari buruzkoa da, bai sektore publikoan (udal bulegoetan eta argiteria publikoa), lehen mailako sektorean (Nekazaritza ustialekuak), hirugarren mailako sektorean (dendak eta establezimendu turistikoak) eta baita industria txikietan ere. Zentzu honetan, Urola Garaia eta Debagoieneko eskualdeak eraikin publikoetan, enpresa txikietan eta merkataritza establezimenduetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko proposamena egin dute; Debabarrenak energia ustiatzeko proiektua sustatuko du enpresa ugarien artean; eta Goierrik mugikortasun iraunkorra bultzatuko du.

Hitzarmen hauen helburua estrategia bateratu bat sustatzea da, Gipuzkoako gizartean pobrezia energetikoa gutxitzeko eta prebenitzeko, mendekotasun energetikoa murrizteko, eta gero eta CO2 isurpen gutxiago sortzeko Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, Ingurumeneko Departamentuak garbi izan du beti oraingo sistema energetikoa osatzen duten elementuak aldatzeko eta karbono-urriko energia eredura trantsizioa bultzatzeko, tokiko edo eskualdeko ekintza plano batera jaitsi behar dela, lan eginez kontsumo puntuetatik eta autokontsumorako iturri berriztagarriak kokatzen diren lekuetatik gertu, eta pertsonengandik gertu dauden entitate eta erakundeen bidez. Honen inguruan Asensiok adierazi du «plan horien bitartez energia planifikatu eta kudeatu ahal izango da eskualde esparruan, eta eskualdeetako eredu energetikoaren aldaketa sustatu, Gipuzkoan Klima Aldaketari Aurre Egiteko Estrategian jasotzen denaren arabera».

Une honetan, Ingurumeneko  Departamentuak eskualdeko energia planak idazteko diru-laguntzak eta laguntza teknikoak eman ditu. Lan horren ondorioz, une honetan, 81 udalerri biltzen dituzten Gipuzkoako zortzi eskualdek energia arloko ekintza planak eginda dituzte dagoeneko. Horretarako, garapen ekonomikoko eskualde agentziek (sustatzaileak eta koordinatzaileak direnak), udalen, landa garapeneko agentzien eta, zenbait kasutan, herritarren elkarteen laguntza izan dute.

2019. urtean, hitzarmen horiek sinatu ondoren, hainbat azterlan eta plan sustatuko dira, bai energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko, bai eskualdeetan energiaren aurrezpena eta efizientzia energetikoa sustatzeko, eta baita ere sentsibilizazio jarduerak diseinatu eta gauzatzeko.Departamentu honek Gipuzkoako eskualdeetako energia eredua aldatzera bideratuko duen zenbatekoari esker, goian adierazitako ekintzak diruz laguntzeaz gain, eskualde bakoitzean energia alorreko teknikari bat izatea bermatuko da, eskualdeko Energia Plana sustatzeko eta dinamizatzeko lanak egingo dituena.

Datozen urteetan espero dugu lurraldeko beste eskualdeak ere lan partekatuaren esparru honetan sartzea (batzuk Energia Planak egiten ari dira dagoeneko); hain zuzen, esparru hori Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaiaren arabera egituratuta dago, eskualdeetako mahai desberdinen ekintzak bateratzeko eratu baitzen organo hori, betiere eskualdeen plangintza eta foru plangintza energiaren arloan bateratze aldera.

Hitzarmenaren sinaduran hauek izan dira: Olatz Peon, Tolosaldea Garatzen Eskualdeko Garapen Agentziako lehendakaria eta Tolosako alkatea; Eneko Etxeberria, Iraurgi Berritzen Urola Erdia Eskualdeko Garapen Agentziako lehendakaria eta Azpeitiko alkatea; Fernando Nabreda, Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziako zuzendari gerentea; Juan Angel Balbás, Debegesa Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko zuzendari gerentea; Iker Galparsoro, Goieki Goierri Eskualdeko Garapen Agentziako zuzendaria; Unai Elkoro, Debagoieneko Mankomunitateko presidentea eta Aretxabaletako alkatea; eta Jon Zulueta, Beterri-Buruntza Mankomunitateko presidentea.