Atzealdea

Ingurumeneko Departamentuak erabilitako 3.000 kilo arropa berreskuratuko ditu UPCYCLING proiektuarekin

Arropa eta ehun-gaiak Garbera merkataritza-zentroan jarritako edukiontzi batean jasoko dira, eta arropa berrietan bihurtuko dira, AEG Ikastetxeko moda-zikloko ikasleen laguntzari esker.

2021·05·04


Ingurumeneko Departamentuak erabilitako 3.000 kilo arropa berreskuratuko ditu UPCYCLING proiektuarekin

José Ignacio Asensio: “Proiektuaren helburua hondakina lehengai bihurtzea, tokiko fabrikazioa sustatzea eta Gipuzkoako moda jasangarriaren industriaren potentziala balioan jartzea da”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak UPCYCLING proiektuaren laugarren edizioa aurkeztu du Mónica Pedreira, Ingurumeneko zuzendari; Nuria Vegas, Garbera Merkataritza Zentroko zuzendari, eta Ana Olazabal, AEG Ikastetxeko Ehungintza Saileko diseinu-arduraduna. Proiektu honi esker, 3.000 kilo arropa berreskuratzea espero da, hauei beste bizitza bat emateko. Horretarako, gaur egun modan dauden eta berriro erabil daitezkeen arropetan bihurtuko dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren ekimenak AEG Ikastetxearen eta Garbera merkataritza-zentroaren laguntza du.

Asensiok azaldu duenez, “UPCYCLING proiektuaren helburua da hondakinak lehengai bihurtzea, tokiko fabrikazioa bultzatzea eta Gipuzkoako moda jasangarriaren industriaren potentziala balioan jartzea”. Era berean, adierazi du moda jasangarria “ekonomia berdea garatzeko eta tokiko enplegua sortzeko aukera bat” dela, eta bere Departamentuaren ekonomia zirkularraren aldeko apustuan barneratu du jarduera.

UPCYCLING birziklatzen dena baino balio handiagoa duen produktua lortzean datza. Kasu honetan, arropa edo ehun-hondar bat jantzi berrian bihurtzen da, diseinatzaileei lana emanez. Horretarako, arropa biltzeko edukiontzi bat jarri da Garbera merkataritza-zentroan. Edukiontzi horretan, bi hilabetez, herritarrek erabiltzen ez duten arropa edo oihal-materiala utzi ahal izango dute birziklatzeko eta berrerabiltzeko, eta, hala, bigarren bizitza emango zaie jantzi eta ehun horiei. Bildutako materialekin, AEG Ikastetxeko moda-zikloko ikasleek diseinu berriak egingo dituzte. Diseinu horiek Moda Jasangarriaren desfilearen seigarren edizioan aurkeztuko dira. Desfilea datorren azaroan izango da, Miramar jauregian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak antolatzen duen Hondakinen Prebentziorako Astearen barruan.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak 2017an, 2018an eta 2019an egindako aurreko hiru edizioen balantzea egin du. “Hiru urtean 6.000 kilo ehun baino gehiago bildu dira (1.500 kilo 2017an, 2.000 kilo 2018an eta 2.500 kilo 2019an), eta % 25 hazi da urtetik urtera. Joera hori sendotzea eta 3.000 kilo arropa berreskuratzea da aurtengo helburua. 2020an, proiektua gelditu egin zen pandemiaren ondorioz, eta AEG Ikastetxeko ikasleek egindako bilduma batekin birformulatu zen, Zinemaldiko “alfonbra gorria” berreskuratuz.

Asensiok “oso positibotzat” jo ditu “herritarren ingurumen-kontzientzia handia” erakusten duten emaitzak, eta AEG Ikastetxeko diseinatzaileen “lan bikaina” nabarmendu du bereziki. Era berean, Upcycling proiektuaren ekarpena azpimarratu du: “Gipuzkoan aberastasuna eta enplegua modu iraunkorrean sortzeko bidea erakusten duen proiektua da”. “Ekimen hori modaren sektorea eta herritarrak sentsibilizatzeko sortu zen, eta uste dut Gipuzkoan urrats garrantzitsuak egiten ari garela norabide horretan”, esan du Asensiok.