Erdi-Aroko hiria da Segura, eta Erdi-Aroak ematen dio xarma gaur egungo herriari. Orduko portal eta bideek, erregeen, jaunen, errotarien edota nekazarien erresuman murgiltzen dute bisitaria.
Egileak urtetan irrikaz desiratu zuen amets hura, egia bihurtu da Chillida-Lekun: bere obraren neurrira egindako espazioa sortu nahi zuen Chillidak, bere obra ikusgai egon zedin beti. Museo monografiko hau egilearen eskulturak 50 urtez izan duen bilakaeraren eta ibilbidearen erakusgarri leiala da.
Done Jakue Bidea "Europako Lehen Kultur Ibilbidea" izendatua dago. IX. mendetik aurrera, Europako erromesek Santiago apostoluaren hilobira (Compostelara) joateko ireki zituzten bideez osatua dago.
Santa Maria la Real Arkeologia eta Monumentu Multzoa Zarautz Kanpandorreak, Santa Maria la Real Parrokiak eta bi eraikuntzotan aurkitu diren arkeologia-aztarnategiak osatzen dute; aztarnategian erromanizazioaren hondakinak eta Erdi Aroko nekropoli bat nabarmentzen dira. Kanpandorreak Zarauzko Arte eta Historia Museoa barne hartzen du.
Erakusketak Donostiaren historian zehar ibilbidea egiten du, sortu zenetik, Zabalgunea egin eta Donostia uda garaiko erreferentzia bihurtu arte, bidean plaza militar izatea; bilakaera ekonomiko, urbanistiko eta soziala; eta bere jaiak eta tradizioak aztertuz, gertakari historiko nabarmenenak azpimarratzeaz gainera.
1986. urtearen bueltan, Udaletxean bertan zegoen lokal batean, Eskoriatzako Museo Eskola sortu zen Luis Ezeiza Herri Eskolan historia arloa lantzeko proiektu osagarri bezala. Beranduago, Udalak Ibarraundi jauregia erosi zuen eta 2005. urtean, ordura arte Eskoriatzako Museo Eskola izandakoa Ibarraundi museoa izatera pasatu zen.Ibarraundi jauregia XV. mende erdialdekoa dela uste da, Erdi Aro bukaerakoa, Galartza familiarena.
Euskal baserriaren Urrezko Aroaren eta XVI eta XVII. mendeetako zurezko arkitekturaren eredu ezin hobea da. Bisitak, garai hartako giroa, altzariak eta tresnak ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, XVI. mendeko habe luzeko dolare bat lanean ikusteko beta ematen digu.
Jauregi bihurtu baino lehen, dorrea izan zen Igartza. Beraz, Erdi Aroan betetzen zuen zereginak nolabaiteko kutsu militarra zuen. Gure aurrekoek balio estrategiko handiko gunetzat jotzen zuten Igartza. Toki horri buruz topatu dugun agiririk zaharrenak, 1340koa, Gipuzkoan zehar orientabidetzat erabiltzen duen gakoa, Igartzako zubia da, esate baterako.
Jantziaren Zentroak 2017 urteko apirilaren lehenean zabaldu zituen ateak, Errenterian, Gipuzkoa. XVIII garren mendeko etxe batean, “Kapitain-etxean” kokatua, Errenteriako Udalaren babespean jaiotako ekimena da.
Iraulza dantza taldeak kudeatuta, helburu bikoitza du. Batetik, gure arbasoek erabiltzen zituzten jantziak batzea, eta kontserbatzea, bestetik, horiek herritarrei erakutsita aurreko belaunaldien ohiturak, bizi-modua, eta jantzien esanahia azaltzea. Horretarako, erakusketa finkoak, bisita gidatuak, tailerrak eta hitzaldiak antolatzeaz gain, informazioa eskaintzen da.
Benetako eszenario eta pertsonaia historikoekin, eta hezur-haragizko aktore baten dramatizazioarekin egiten da Agur Lili antzezlana.
Bakarrizketa batean, jauregian bizi izan zen lilitarren leinuko azken biztanleak, Andre Madalenek, 1680. urtera eramango ditu bisitariak, eta etxeko gelak eta aretoak ikusiko dituzue bidean.
Urola ibaiaren bailaran kokaturik, Loiolatarren familiako dorretxearen inguruan eraiki zen multzo arkitektonikoa da.
Bi gertakarik bilakatu dute Loiola etengabeko erromesaldi-gune:1491n, Iñigo López de Loyolaren jaiotzak; eta, 1521ean, bere konbertsioak.
XX. mendea oso osorik baldintzatu zuten gertaerak izan ziren 1936 eta 1939 bitartean Espainian eta Euskal Herrian. Haien berri jasotzeko aukera bikaina eskaintzen digu Elgetako Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroak: gudaldiak, armak, batailoiak...
Oiasso hiriaren inguruan aurkitutako erromatar garaiko aztarnak biltzen dituen museoa, zonaldeko ondare arkeologikoa ezagutzera eman eta Bizkaiko Golkoan erromatarren garaia ezagutzeko eta hedatzeko erreferentzia-gune bihurtzeko helburuarekin.