Elaborazio prozesua

Burdina eta altzairua, bi lehengai horiek aipatzen dira XVI. mendeko agirietan artaziak egiteko erabiltzen zirela adieraziz. Hori dela eta, kalitate maila desberdineko artaziak egiten zirela pentsatzekoa da. Burdina ezin da tenplaketa bidez gogortu eta, horrenbestez, harekin ekoitzitako produktuek kalitate maila eta prezio txikiagoa izango zuten eta erraz xamar andeatu eta galduko zuten beren zorroztasuna. Altzairuarekin, ordea, sendotasun eta iraupen handiko ahoa zuten tresnak ekoitziko zituzten.

Artazia osatzen duten pieza biak gordinean lortu ahal izateko, artisauak altzairuzko ingude baten gainean jartzen zituen eta berotan forjatu. Horretarako, lauki edo biribil itxurako ebakeradun altzairu edo burdin zati bat hartuko zuen, egin beharreko artaziaren arabera, 6 eta 10 milimetro bitarteko lodiera izango zuena, eta artazia osatzen duten bi piezak emateko adinako luzeran ebakiko zuen.

Altzairu zatia berotzeko, sutegian erretzen ari zen ikatz artean sartuko zuen artisauak. Altzairu zatia goritzen zenean suhatzekin heldu eta kanpora ateratzen zuen, ingude gainean jarri eta han bertan landuko zuen eskuko mailuarekin joaz, altzairu zatiaren erdietako bat zapaldu eta luzatzeko eta, hala, egin nahi zen artaziaren xaflaren itxura ematen joango zitzaion, gutxika.

Jarraian, xafla egiteko erabilitako modu berean itxuratzen zuen artaziaren girtenaren egitekoa izango zuen alderdia, hau da, altzairu zatia mailuaz kolpatzen zen luzatzeko, eta kolpeak eman behar ziren lekuan doi-doi emateko moduan, ingude gainean zuen zatia etengabe biratzen eta posizioz aldatzen zuen. Hein horretan, gero eta meheago uzten zuen eta buruxka egiteko lauki itxurako ebakera ematen zion.

EskemaArtazia forjatzeko molde tradizionalean egin beharreko urratsak adierazten dituen eskema. Berotutako altzairu zatia, ingude gainean esku mailuarekin kolpatuz burutzen zen prozesu hori guztia. Puntzoiarekin eta mailuarekin erdiko ardatzaren zuloa egiten. (Yulen Zabaletak egindako marrazkia)

Forja lan horren prozesuan altzairu pieza hoztu egiten zenez, lana eten behar izaten zuten altzairua berriz berotzeko eta, horretarako, sutegiko ikatz artera sartu beharra zegoen.

Lan horren ondoren, pieza hoztutakoan, artisauak pieza harri birakariaren kontra eusten zuen arbastua emateko, hau da, material soberakina kentzeko eta artaziari dagokion formaren itxura gehiago hartzeko pieza horrek eta, hala, gerora egin beharreko zorrozte lana gutxiago izateko. Eginkizun hori burutzeko, harriari ura botatzen zi tzaion marruskaduraren eraginez altzairu pieza lar berotu ez zedin eta, gainera, modu horretan, sortu zitekeen hautsa ere kendu egiten zen.

Erdiko ardatzaren zuloa egitea izaten zen hurrengo eragiketa; horretarako, pieza sutegian berotuko zuen beste behin eta puntzoi batekin kolpatuko zuen altzairu xafla, bere iritzira, eta bere esperientziaren bidez zekienagatik, erdigunetzat jotako lekuan zuloa egin arte.

Berriz berotu ondoren, begiari edo artaziak erabiltzerakoan atzamarrak sartzeko girtenean egindako zuloari itxura emango zion eta, horretarako, artaziak ingudearen kono itxurako adarretako batean eu tsita eta mailu kolpeak emanez, haren mutur mehea edo buruxka bihur araziko zuen, zirkulua eratuz erabat itxita geratu arte.

Artaziaren xafla ingude gainean jarrita eta mailukadak joaz xafla artezten jarraitzen zuen artisauak eta lan mahaiaren gainean zuen estutzeko tornu txikiaren kontra eusten zuela, bira eragiten zion eta muturra, hein batean, kurbatu, kopatuta geratzeko moduan. Hala, xafla biak elkartu eta artaziak ibiltzen jartzerakoan, sorbatz biak puntu jakin batean beti presiopeko kontaktuan egotea lortuko zuen, hain zuzen ere, ixtearekin batera ebaketa egin behar zuen lekuan.

Xafla bakoitza dagokion formarekin ia erabat itxuratuta zegoenean, horiek egiteko altzairua erabili zenean, jarraian egin beharreko eragiketa tenplaketa edo gogortzea izaten zen. Horretarako, xaflak berriz ere sutegian berotzen ziren kolore gorrixka edo laranjakora, edo gerezi kolorea hartu arte, altzairuaren kalitatearen arabera bat edo beste, eta suhatzen bidez eutsita artisauak uretan sartzen zituen eta, berehala, handik atera, segundo batzuk itxaron ondoren, berriz ere, hara sartzeko eta, han, erabat hozteko.

Jarraian, eskuz bira arazten zen harrian sorbatzak zorroztuko zituen eta, harri horretan bertan, edo esmeril harea lekedaz itsatsita zuen txirrika birakari baten bidez, artaziaren azalera guztia leunduko zuen, distiratsu utzi arte. Horren ondoren, bi xaflak muntatu egingo ziren, eta biak ardatz berean lotu, mailuarekin alderdi bietatik joaz josiko zituelarik, bi xaflak erabat lotuta gera zitezen.

Artazigileak, bere zeregina bukatzeko, artaziak ondo zebiltzala egiaztatzen zuen, hain zuzen ere, erabileran bigunak izan behar zuten, neurrira egokituak eta ez kolokan egotea. Behar bezala ez bazebiltzan konpondu egingo zituen, horretarako, artazi horiek ingude gainean jarrita mailu kolpe arinak emango zituen, bere esperientziak erakutsitakoagatik egokitzat jotzen zuen puntu zehatzetan.

ArtisauaXVI. mendeko artisaua, pedalaren eta biraderaren bidez eragiten zitzaion harri birakarian artaziari forma ematen. (Yulen Zabaletak egindako marrazkia)