Organizazio ezberdinak

Prentsa makinak erabiliz, estanpazko forjaketaren bidez gordinean landutako piezekin egiten ziren artaziak gure herrian, eta seriean ekoizten zituzten milaka pieza berdin, gero eskuz lantzeko. Hala, kopuru handiak ekoitzi ahal izaten ziren. Bien bitartean, bestelako eskualdetan, zehazki, Asturiaseko mendebaldeko alderdian (Taramundi eta Los Oscos) erabateko artisau lanaren prozedura mantendu zen; izan ere, artaziak –baita ere, aiztoak eta labanak- egiten zituen artisau kopuru handi xamarrak iraun zuen eskualde horretan barrena sakabanatuta, eta bakoitzak bere lantegian piezak banan-banan landuko zituen, sutegian forjatuz, eskuz emandako mailukadekin erabat burutu arte beren produktua, XVI. mendean, hain zuzen ere, lehen azaldu dugun eran, erabiltzen zituzten moduko prozedurak erabiltzen zituztela.

Inguruko eskualdeetako azoketan eta dendetan saltzen zituzten produktu horiek eta, handik, saltzaile txikiek, askotan, kalez kalekoak izan ohi zirenak, beste lekuetara zabaldu ere egingo zituzten.

Urteak igaro ahala, artisau kopuru hori murrizten joan da, baina gaur egun geratzen direnek ekoizten duten produktuak ospe handia du, hain zuzen ere, artisau izaera bere horretan mantentzeagatik. Horri esker, lanean ari diren artisauen biziraupena eta belaunaldien arteko erreleboa ere, artean, bideratu ahal izan da.

XX. mendean aurrera egin ahala, gure herrialdean bizi izan den bilakaera bestelakoa izan da. Prozesuak mekanizatu ez dituzten lantegi txikiak beren jarduera eteten joan ziren; horietako azkenak, 1990. urte inguruan. Neurri handiagoko lantegiak geratu dira, ekoizpen sistema modernizatua dutenak eta kalitatezko produktuak egiten dituztenak, aldi berean.

Hala ere, horien ekoizpenaren bolumenak ere beherako joera du nahiz eta kalitate maila handikoa izan; kontuan hartu behar da, kontsumoak ere behera egin duela eta berriki industrializatu diren herrialdeek, hain zuzen ere, langilearen kostea txikiagoa duten horiek, egiten duten inportazioa adierazgarria dela.