Ekoizpen bitartekoak

Artaziak egiteko erabiltzen ziren makina esanguratsuenak leuntzeko makina eta harriz lantzeko makina ziren -industria horretan “amoladoras” esaten zitzaien-, burdinurtuz egindako oina zuten eta, haren gainean behar bezala finkatutako ardatz birakari bat zegoen, ertz biak kanpora zituena. Ardatzaren gainean jarriko ziren egurrezko nahiz feltrozko txirrikak eta harri artifizialez edo harri urratzailez egindako diskoak, hain zuzen ere, artazi piezak arbastatzeko, mehetzeko, leuntzeko eta zorrozteko.

Leuntzeko makina horiei eragiteko, lantegi guztira mugimendua transmititzen zuen sistema nagusiaz, lantegiko sabaian edo hormetan egon ohi zena, eta motor elektriko bakar batek abiarazten zuena, baliatzen ziren narruzko uhal baten bidez.

Gainera, lan mahaiko zulagailu batzuk izaten zituzten, eskuz eragitekoak zirenak; artaziak eskuz lantzeko erabiltzen zituzten egurrezko zenbait mahai edo aulki, bakoitzean estutzeko tornu txiki bat ze goela; baita ere, mahai gaineko sutegia, han erretzen zutelarik piezak tenplatzeko behar zen egur ikatza. Instalazioa osatzeko, upel txiki bat ere izaten zuten, nikelez egiten ziren estaldura elektrolitikoetarako.