Gaur egun dauden lantegiak

Dauzkagun lekukotasunen arabera, 1916-18 inguruan, Pedro Goenaga izeneko irundarra, lehendik Eibarren lanean aritu izan zena, Debara aldatu zen eta, han, Pericotxato deritzan etxeko 1. eta 2. solairuetan lantegi bat jarri zuen. Lantegian artaziak, kortxo torlojuak eta aiztoak egiten ziren eta, 1924. urte aldera, 20 bat langile aritzen ziren. 1936. urtea baino lehen Errenteriara aldatu zen.

40. hamarkadako erdialdean Deban Industrias de Deva S.A. izeneko enpresa sortu zen Pedro Careaga eta Remigio Echeverría eibartarren ekimenez; artaziak forjatu eta ekoitzi egiten ziren enpresan. Han aritu ziren Azpiri anaiak, handik atera eta Debako Arzabal auzoan jarri zuten lantegia eta, bertan, hainbat artazi eta kirurgia laneko material mota ekoizten zuten.

1945. urte inguruan, Mutrikun, Ituarte, Arizmendi y Cia (Betico) izeneko enpresa eratu zen, besteak beste, jatorriz eibartarrak ziren hiru langileren partehartzearekin; lantegia elizaren atzealdeko beheko soto batean zegoen eta, han erabiltzen zen lan moldea eskuzkoa zen, neurri handi batean.

Geroxeagokoa da I. Beristain, Mutrikuko frontoiaren ondoko beheko soto batean, beste lau langilerekin batera, leunketa lana egiten zuena. 1948. urte inguruan Juan Egurbide kidetzat hartu, eta Santa Catalina komentu ondoan jarri ziren Egabert izena emanez beren lantegiari. Handik gutxira, herri bereko San Nikolas alderdira aldatu ziren eta, han sartu ziren Ituarte, Arizmendi y Cia enpresako langile gehienak. 1952. urtean Industrias Quirúrgicas Reunidas Motric delakoa bilakatu zen eta, geroago, kapital alemanarekin, Aesculap Motric S.A. Osasun arloko erabileretarako artaziak eta kirurgia laneko bestelako materialak ekoizten zituzten eta enpresa horrek, gaur egun ere, mantendu egin du jarduera hori.

1950. urtean, Luis Mª Azpiri Ituarte, Arizmendi y Cia enpresan sartu eta kudeaketaz arduratu zen; handik gutxira, Debara aldatu ziren Manufacturas Jomi izenarekin eta 1970. urte inguruan, 20 bat langileri ematen zion lana, 1990. urtera arte iraun zuelarik jardunean.

Elaborazio prozesuan egin beharreko lehenengo eragiketa estanpazko forjaketa izan ohi zen eta, horregatik, aipatu dugun inguru horretako lantegi txiki gehienek halako instalaziorik ez zutenez, Altuna, Mendizabal y Cia etxeari, gero Arrasateko Altuna, Garay y Cia bilakatuko zenari (beste fabrikatzaileentzat forjatzeaz gain, artazien ekoizpen prozesua osorik burutu ere egiten zuena) erosten zizkioten piezak gordinean forjatuta eta pieza horiekin burutuko zituzten artaziak, eskuzko lana, neurri handi batean, eta neke handia eskatzen zuen prozesuak jarraituz. Beste ekimen batzuk kidetu egin ziren estanpazko forjaketaz arduratzen ziren enpresekin eta, hala, artazien ekoizpen prozesua erabat kontrolpean izan zezaketen.