Merkaturatzea eta garraiatzea

Jose Antonio Azpiazuk berak esan digu, Bergaran eta eskualdean bazirela han bertan ekoitzitako produktuetan adituak ziren merkatariak eta, horiek, artisauei erosten zizkieten produktuak eta salmenta lekuetara bideratzen zituzten, hala, jarduera horri bultzada emanez. Askotan erosketa kontratuak hitzartzen zituzten eta denboraldi jakin baterako hornidura bermatuta izaten zuten; horretarako, artazigile maisuari zehaztutako kapitala aurreratu egingo zioten eta, diru horrekin, maisuak erabili beharreko lehengaiak erosi ahal izango zituen eta aurreikusitako denbora horretan, bere jarduera finantzatu.

Salmenta lekuak Gaztela eta Ameriketako koloniak izaten ziren. Lehenengo horri dagokionez, merkatarien bilgune nagusiak Medina del Campo, Medina de Rioseco eta Valladolid hirietako azokak izaten ziren; Toledo hiria ere bai, hango arma zurien sona handiagatik Bergarako produktuen norako esanguratsua izan zen, hain zuzen ere, hiri hartan aritzen ziren merkatariek “kantitate handia” erosten zuten eta. Era berean, hirian bazeuden urreztatzaileak eta, horiek, erositako artaziak urrez estaltzen zituzten erakargarriago bihurtzeko eta, gero, berriz ere, salmentan jartzen zituzten.

Barrualdera egindako garraioaz mandazainak edo garraiolariak -yangüeses izena ere erabiltzen zuten horiek izendatzeko- arduratzen ziren, eta mando gainean, 12 arroako (150 kilogramo inguru) pisua garraiatzera irits zitekeen horietako bakoitza.

Aipatutako azoka horietan Debako arroako artaziak Frantziatik eta Bohemiatik ekarritako artaziekin eta aiztoekin jartzen ziren lehian, kalitate gutxiko lehengaiak erabili arren akabera on bat zutenak eta itxura fina; Bergarako maisuek horien gainean zuten aburua honakoa zen: “altzairua erabili gabe lantzen dira…” eta, horrenbestez, “txintxileria” hutsa ziren.