Artaziak egiteko modu tradizionala

Iraganean, gure herrialdearentzat garrantzi handikoa izan da burdinaz eta altzairuaz baliatzeko ahalmena, baita ere, horiek eraldatuz hainbat produktu, besteren artean, burdineria tresnak, iltzeteria, arma zuriak nahiz su armak, aiztoak, artaziak eta bestelako hainbat erreminta gauzatzeko modua izatea.

Jose Antonio Azpiazu historiagileak, Deba ibaiaren arroan XVI. mendean eratu zen industria eta merkataritza sakonki aztertu ditu eta, haren esanetan, produktu horien fabrikazioan garrantzi handiko nukleo bat izan zen ibar hori, eta hango hiribildu bakoitza halako produktuetarik bakar baten langintzan aritzen zen, bereziki.

Hala, Bergarako hiribildua artaziak eta aiztoak, berariaz, ekoizten ziren gune garrantzitsua izan zen, eta jarduera horretara emanak ziren, gehienbat, hiribilduko biztanleak, baita auzoko herrietakoak ere, izan ere, Oñatira eta Elorriora ere, besteak beste, zabaldu zuten jarduera hori.

lantegi batenXVI. mendeko lantegi baten berreraiketa hipotetikoa. Atzean sutegia eta hauspoa; haren eskuinean, artisaua artazia esku mailuarekin forjatzen. Aurreko planoan, eskuinetara, langile batek, beste laguntzaile batek eraginda biraka ari den harri urratzaile birakarian artazi xafla arbastatzen du. Ezkerretara, beste langile bat zorrozte lanak egiten. (Yulen Zabaletak egindako marrazkia).

Lantegi-denda txikietan gauzatzen zuten industria lana. Sutegia izango zuten eta han aritzen ziren artazigile maisua edo aiztogile maisua, zeregin horretan lagunduko zioten beste, gehienez ere, dozena erdi bat langilerekin, batzuk ofizialak eta, beste batzuk, ikastunak. Esku tresna gutxi batzuk erabiliko zituzten eta instalazioa xumea zen oso eta, artisau bakoitzak lanbideaz zuen ezagutzaren eta trebetasunaren araberakoa izan ohi zen ekoitzitako artikuluaren kalitatea.

Jarduera horren inguruan beste jarduera osagarri batzuk agertu ziren, esate baterako, maisu baineroak, aiztoen eta artazien narruzko hornigaiak eratzen zituztenak, eta erakusteko eta garraiatzeko estutxeak eta kaxak ere bai. Horniduraz arduratzen zirenak ere gaineratu behar dira talde horretan; horiek lehengaia ekartzen zuten, hau da, “aiztogintzan erabiltzeko burdin oneko ontzak”, edo langintzarako materiala, edo harriz lantzeko nahiz zorrozteko behar izaten ziren harri urratzaileak, hain zuzen ere, Oñatitik, ekartzen zena; eta erremintak eta sutegirako narruzko hauspoak. Era berean, ikazdunek, garraiolariek eta merkatariek ere parte hartuko zuten.

Ikerlari horren beraren esanetan, burdina eta altzairua lantzetik eratorritako jarduera hori eta tankerako beste batzuk direla eta, XVI. mendean, Europako biztanleriaren %90 nekazaritzari esker bizi zen bitartean, Deba ibarreko hiribilduak industria horien mende zeuden, gehienbat.

Artazien eta aiztoen ekoizpenaren ardatza Bergara izatea mesedegarria izan zen, izan ere, aldizka-aldizka, hiribilduan bertan, garrantzi handiko azoka egiten zen eta merkatari eta garraiolari ugari bertaratzen zenez (zamaltzainak eta mandazainak), ekoitzitako produktuen irteera eta merkaturatzea erraztu egiten zen.

Bergara eta haren eraginpeko inguruetan artisau eran lan egiten zuten artazi nahiz aizto egileek, gainera, kalitate handiko lehengaia zuten; hau da, beren produktuak “burdin eta altzairu onekin” egiten zituzten, horretarako, hain zuzen ere, “Arrasateko altzairua” erabiltzen zutelako. Garai hartan, kalitate eta sona handia zuen Arrasaten egiten zen altzairuak, tenplaketa ona eman ahal zitzaiolako eta izena ematen zion hiribilduan altzairua eskuratzeko Udala mendiko mazeletatik ateratako burdinaz baliatzen ziren eta erabiltzen zuten prozesua berezia zelako eta landua, oso, hainbat urtetako esperimentazioaren emaitza.