Atzealdea Azaroak 20, Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna: Gipuzkoa Ingurune On eraikitzen
2025/11/20
Gipuzkoak azaroaren 20a konpromiso sendo bat indartuz ospatuko du: Gipuzkoa Ingurune On eraikitzea, hau da, gurea haur eta nerabeak ingurune seguru, babesle eta tratu onean oinarritutako espazioetan hazteko lurraldea izatea. 1989ko azaroaren 20an Nazio Batuek Haurren Eskubideen Hitzarmena onartu zuten. Gaurko egunak gogorarazten digu adingabe guztiak eskubideen titularrak direla, eta guztion erantzukizuna dela eskubide horiek bermatzea (erakundeena zein gizartearena).
Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazte Sustapeneko Zuzendaritzak Gaztematika sarea egiten ari den lana aitortu nahi du, "Gipuzkoa Ingurune On eraikitzen – Construyendo una Gipuzkoa Ingurune On" lelopean.
Izan ere, lurraldeko hainbat udal elkarrekin lanean aritu dira haur eta nerabeentzako dituzten espazioen egoera autodiagnostikatu eta egiturak hobetzeko; hala, adin guztietako adingabeentzat ingurune seguruak izan daitezen. Aurten beste udal batzuk hasi dira lan horretan, eta iaz beren espazioak jada aztertu zituztenek parte-hartzean eta ingurune digitalean sakonduko dute oraingoan.
Hainbat prestakuntza eta lan-talderen bidez, Gaztematika sarea bultzatzen ari da Gipuzkoako haur eta nerabeentzako udal-zerbitzuetako espazioak indarkeriarik gabekoak izatea, goxoak eta irisgarriak izatea, bertan ongi prestatutako pertsona heldu erreferenteak izatea, eta haurren edo nerabeen parte-hartzea egunerokoan txertatuta egotea.
Ingurune On lelo bat baino gehiago da, haur eta nerabeen sustapena eta babesa ulertzeko modua da. Haurrei eta nerabeei eragiten dieten azken legeek ildo horri heltzen diote: ez da nahikoa indarkeria-kasu baten aurrean erreakzionatzea; aitzitik, hasieratik babes inguruneak sortu behar dira. Eta Gipuzkoan, lan hori abian da.
Horrek lotura zuzena du Gaztematika sareak maiatzean egin zuen Foro Politikoan zabaldutako bidearekin. Bertan, Aldundiko eta udaletako ordezkari politikoek ezarri zituzten aurten garatzen ari den lurralde itunaren oinarriak: Gipuzkoan haur eta nerabeen ongizatea eta babesa bermatzeko akordio partekatua.
Jarraitu gure sareak
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
