Atzealdea 10.000 haur eta nerabek Gipuzkoako ongizateari buruzko azterlan batean parte hartzen dute

Isaac Palencia, Gazteriako zuzendaria: «Gazteria Zuzendaritzak entzute aktiboko prozesu bati ekin dio, lurraldeko haur eta nerabeei ahotsa eman eta beren ongizate mailari buruz duten pertzepzioa hobeto ezagutzeko».

2023/01/05


Urrian egindako inkestan galdera batzuk egin zitzaizkien 8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeei, haien ongizatea hobetzeko eta dituzten premiekin are lerrokatuago egongo den agenda publiko bat bultzatzeko.

ZMZ?

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak azterlan berri bat jarri du abian, haurrak eta nerabeak nola sentitzen diren eta nola bizi diren jakiteko. Azterlana garatzeko, online inkesta bat prestatu da aditu talde batekin lankidetzan.


 

Ikerketa hau International Survey of Children Well-being ekimenean oinarrituta dago, eta Gipuzkoako haur eta nerabeei ahotsa ematea eta haien beharrak eta nahiak ezagutzea du helburu.

Ikerketa honetarako, inkesta bat egin zaie LHko 3. mailatik DBHko 3. mailara arte ikasten ari diren 10.000 haur eta neraberi, parte hartu nahi izan duten lurraldeko ikastetxeen laguntzarekin. Galdetegiak gazteen bizitzako hainbat eremutan sakondu du, hala nola osasunean, hezkuntzan, gizarte harremanetan, aisialdian edo familian. Nabarmentzekoa da parte hartu duten haur eta nerabeen aniztasuna. Halaber, lurraldeko udalerri guztiak ordezkatuta daude, galdetegiaren aplikazioa sustatu duten 60 ikastetxe publiko eta pribatu baino gehiagoren inplikazioari esker.

Isaac Palenciak azpimarratu duenez, «lurraldean lehen aldiz sustatzen den ikerketa honek haur eta nerabeei buruzko ezagutzan sakonduko du eta, horrela, haien behar eta kezkekin konpromiso handiagoa duen eta lerrokatuagoa dagoen agenda publiko bat sustatuko du». Gazteria zuzendariak eskerrak eman nahi izan dizkie haurrei eta nerabeei beren parte hartzeagatik eta ikastetxeei eskaini duten laguntzagatik.

Haurren eta nerabeen ahotsa

Azterlanaren emaitzak, ziur aski, 2023ko bigarren hiruhilekoan emango dira ezagutzera. Proiektu honi esker, haur eta nerabeen ahotik ezagutuko dugu nola sentitzen diren eta nola hautematen duten beren ongizate maila. Zein neurritan uste dute beteta daudela beren beharrak? Zeintzuk dira beren kezkak, interesak eta proposamenak?

Azken helburua haien beharrei erantzutea da, euren begirada eta ekarpenak haur eta gazteen politiketan txertatuz; horrela, politika horietan parte hartzeko aukera ematen baitzaie.